Honako prentsaurrekoaren bitartez STEILASek 2018ko maiatzaren 5ean adostutakoak izan duen garapena ezagutzera eman nahi du.

Testuingurua:
Greba eta mobilizazio dinamika sendo baten ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila sindikatu guztiok eskatzen genituen edukietako batzuk negoziatzeko prest agertu zen:

 

 

  • EAEko hezkuntza publikoko plantillak handitzea.
  • Behin-behinekotasuna %6ra jaistea kolektibo ezberdinetako 6.000 langile egonkortuta.
  • Gelako ikasle kopurua %10 murriztea.
  • Hezkuntzako langileek bere erosahalmena berreskuratzea.
  • Ordezkapenak lehenengo egunetik gauzatzea.
  • Bajak %100ean kobratzea (Aldi Baterako Ezintasuna).
  • Erretreta erraztea eta horretarako lagungarriak diren neurriak berreskuratzea

2018ko maiatzaren 14an sinatutako akordioan gure hezkuntzaren kalitatea hobetzeko nahiz plantillaren lan baldintzak hobetzeko berebiziko garrantzia zuten hainbat gai bildu ziren.

STEILASen iritziz akordioan adostutako eta zehaztutako gaiak bildu eta adosteke gelditu zirenak bezain garrantzitsuak dira: ratioen jaitsiera, hezkuntzaren kudeaketarako orduak, baimen eta lizentzien eguneratzea, irakastorduen murrizketa 60 urte baino gehiago dituzten bitarteko langileentzat edo beste funtzio batzuetara bideratutako plantilla handitzea (liburutegia, aholkulariak, euskara indartzeko saioak…). Zehazteke eta negoziatzeke dauden edukien garrantzia handia bada ere, Jarraipen Batzordea lau aldiz biltzeko deia baino ez da egin ikasturte osoan zehar eta bi gai baino ez dira landu: bitarteko lan-kontratuen kudeaketarako eredu berria eta lehen hezkuntzako ikastetxeak kudeatzeko ordu kreditua. Lehenengo puntuan bakarrik lortu da adostasuna.

Horrez gain, zuzendaritza taldeak eratzeko beharrezkoak diren kudeaketa orduei dagokienez, sindikatuontzat onartezinak diren proposamenekin tematuta jarraitzen du gobernuak. 190 irakasle lanpostu kentzeko proposamena egiten jarraitzen du horiek administrazio langileekin ordezteko. Plantillei egonkortasun handiagoa emango dien bitartekotasuna kudeatzeko eredua salbuetsita, ez dugu aurrera egin eta negoziazioan bizi dugun blokeo egoerak ez dirudi iraungitze-data duenik.

Eztabaidatzeke gelditu diren gaietan aurrera ez egiteko ezintasuna aurrekontu faltari egotzi zaio. Beraz, eskola publikoa baliabide gehiagorekin eta lan baldintza hobeekin hornitzeko beharra dagoela adostu bada ere, ez dago EAJ eta PSEren aldetik hezkuntza publikoan egiten den inbertsioa handitzeko apustu argirik. Honenbestez, BPGaren %6 hezkuntzara zuzendu dadila aldarrikatzen jarraituko dugu.

Horrez guztiaz gain, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza sistema pribatizatzen segitzen du. Sare publikoko ikasgelen murrizketa nabarmena aurreikusita dago, derrigorrezko hezkuntzan zein hezkuntza iraunkorrean (HHI). Ikasgelen gutxitzeak ehunka lanposturen desagertzea ekarriko du eta ehunka pertsona kanporatuko ditu hezkuntza sistematik, gehienak emakumezkoak; izan ere, ez dute beraien bizitzan zehar ikasteko aukerarik izan eta bizitzan zehar hezkuntza iraunkorra jasotzeko duten eskubidea urratzen da.

Ondorioz, STEILASek ez du konfrontazio dinamika sare publikoan hurrengo ikasturtean berriro abiaraztea baztertzen, gainerako sindikatu eta hezkuntza eragileekin harreman txanda gauzatuko du 2018-2019 ikasturtea bukatu baino lehen.