Agerraldia urriaren 19an, larunbata, eginen da, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Karlos III etorbidean, “Euskaraz bizi nahi dugulako” goiburupean.
Sindikatuon iritziz, ezinbertzekoa eta premiazkoa da euskararen lege berri bat egitea, zonifikazioa ezabatzeko eta nafar guztien hizkuntza-eskubide demokratikoak bermatzeko.
Gainera, Nafarroako Gobernuari galdatzen diogu euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko, eta oraingo lege-esparruak ematen dituen baliabideak erabiltzeko, dekretuan jasotako euskararen aldeko aitzinamenduak albait gehien babestearren.
ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia gaitzesten dugu, 2017ko Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duena. Epai horrek nafar herritarren eta langileen eskubideak hamaikagarren aldiz urratu ditu, eta lehengo Nafarroako Gobernuak arlo horretan egin dituen urrats apalak berriz ere gibelatu. Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza-eskbideak behin eta berriz urratzea. Gaur egun, hizkuntza-aniztasuna inoiz baino preziatuagoa denean, horrelako ekintzak, hizkuntza-eskubideen berdintasunaren aurkakoak, ez dira inola ere onargarriak. Euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes-legeak behar ditu, diskriminazio positiboa; eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik. Horregatik guztiagatik sindikatu sinatzaileok galdatzen diogu Nafarroako Gobernuari euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko, eta indarrean dagoen legeriaren araberako aukerez baliatzeko, beti ere dekretuan jasotako euskararen aldeko aitzin-urratsak deuseztatu ez daitezen.
Epai horrek agerian utzi du euskararen lege berri baten beharra, 1986ko legea ordezteko. Foru lege maila duen testu berri batek bakarrik zonifikazioa ezabatu dezake, eta euskaldunen eskubideak bermatu. Horrela soilik, oraingo lege-esparrua gaindituz, Nafarroak berezko duen hizkuntza arautu ahal izanen du, nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuz. Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da.
Tamalez, berriz ere ikusi dugu nor bere betiko tokian dagoela: Navarra Suma, PSN (gogoan izan alderdi horretako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen aurkako manifestaziora joan zirela) eta sindikatu batzuk (oraingo honetan UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse). Erakunde horien pentsamoldeen arabera euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar da, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe.
Azkenik ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuok dei egiten dugu euskararen aldeko mobilizazioa eta ahalegin politikoa eta pedagogikoa egitera.
Langileok euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea dugu!
Euskarafobiarik ez!
ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT-LKN, EHNE e Hiru
Leave A Comment