STEILAS SINDIKATUAK EZ DU BIHAR HEZKUNTZA SAILAK DEITUTAKO BILERAN PARTE HARTUKO

Pandemia egoerak hezkuntza sistema berrantolatzera eraman du; lan baldintzak erabat aldatu dira, urteroko prozedura gehienak eten dira, ziurgabetasun egoerak areagotu dira eta ikasturte amaiera zalantzaz beteta dago, zer esanik ez hurrengoaren hasiera.

Egoera honetan, ezinbestekoa da sindikatu eta Hezkuntza Sailaren arteko negoziaketa. Aldebakarreko erabakiek ez dute inoiz STEILASen oniritzia izango, are gutxiago murrizketak ekarriko dituzten erabakiak direnean. Hori da gobernu honen orain arteko jarrera.

Ikastetxeak itxi zirenetik biharkoa izango da bigarren bilera. Oraingoan ere, gai ordenik gabekoa eta inongo edukirik jasotzen ez duen bilera. Baldintza horietan STEILAS sindikatuak bileran parte ez hartzea erabaki du.

Halaber, kontuan hartu behar dugu krisi honen ondorioz Hezkuntza Sailaren agendatik desagertu egin direla Heziketa Bereziko Hezitzaileak eta Haurreskoletako langileak.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diogu Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa osatzen dugun sektore guztiekin negoziaketak abiarazi ditzan, egoera lazgarri honi gure ikasle eta langileen eskubide galera gabe aurre egin diezaiogun.