IKASLEEN ONARPENA, HERRITARREN SAILKAPENA.
Gainean dugu urtero Hezkuntza Sailak ikasleen onarpenerako irekitzen duen garaia. Agerikoa
da prozesu honek hutsune nabarmenak dituela. Egun indarrean dagoen araudiak eta
Jaurlaritzaren zein ikastetxe itundu gehienen jokabideak herritarrak bereiztea du helburu.
Horregatik ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko ikasleen onarpenean kontuan izan
beharrekoak zerrendatu nahiko genituzke.
· Iruditzen zaigu ikasleen onarpen prozesuak administrazioaren eskuetan egon beharko
lukeela eta ikastetxeek prozesu honetan ez luketela zertan parte hartu behar. Agerikoa
da ikastetxe askok informazio okerra ematen dutela bere intereseko familiak aukeratu
ahal izateko: erlijioa, kuotak, hezkuntza eskaintza, ikaspostu libreen kopurua… Beraz,
ezinbestekoa da administrazioaren kontrolpean egongo liratekeen matrikulazio
bulegoetan egitea onarpen prozesua, eta ez ikastetxeetan.
· Ikastetxe pribatu itunduek atxikituta dituzten haurreskoletan matrikulatuta dauden
haurrei ibilbidea bermatzen diete titulartasun bereko ikastetxe pribatuan bertan.
Sarritan, eskaintza iruzurti hau udalek kudeatzen dute, udalaren 0-3 zerbitzua
azpikontratatuz herriko ikastetxe itunduaren haurreskolari. Adin tarte horretan
eskolarizatu gabeko haurrek eta Haurreskola Partzuergoko umeek, aldiz, bi urteko
geletan sartzeko ikasleak onartzeko eta eskolatzeko araudiak adierazitako prozeduran
parte hartu behar dute.
· Ikasleen onarpena planifikatutako gelen baitan egin beharko litzateke soilik. Badakigu
ikastetxe pribatuetako baimendutako gelen afera konplexua dela, baina Ordiziako
kasuan fiskaltzak eta Arartekoak garbi adierazi dute Hezkuntza Sailak planifikatutakoa
ezin dela gainditu, bestela desorekak sortzen baitira.
· Ikasleak onartzeko araudian ikasle guztiek doako ikaspostu bat izateko eskubidea
dutela esaten da, baina jarraian, doakotasuna haur hezkuntzako bigarren ziklotik
aurrera soilik bermatuko zaiela arautzen da. Zer gertatzen da orduan bi urteko gelekin
titulartasun pribatuko ikastetxeetan? Zergatik egiten da onarpen prozesua
doakotasuna bermatuta ez dagoen Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan? Ikasleen
onarpena 3 urteko geletarako egin beharko litzateke.
· Bi urteko gelen ratioen kontrola beharrezkoa da ikastetxe pribatu itunduetan. Bi urteko
geletan 18 ikasle egon beharko lirateke gehienez, publikoetan zein pribatuetan
(administrazioak onartutako salbuespenak salbuespen). Jakin badakigu, doakoa ez den
adin tarte honetako gela pribatu askotan (ez dira itunduak, diruz lagunduak baizik)25
ikasle baino gehiago onartu izan ohi direla, ikaragarrizko kuotak ordainduz, hiru urteko
geletan sortu eta doakoak izan beharko liratekeen ikaspostuak mugatuz.
· Erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa da ikastetxe guztietan eta hautazkoa familientzat.
Ikastetxe erlijiosoetan, aldiz, derrigorrezkoa da de facto. Araua guztiontzat bera bada,
zergatik ez die Hezkuntza Sailak araua betearazten ikastetxe pribatu erlijiosoei?
· Doakotasuna derrigorrezkoa da, ez da ikastetxe bakoitzaren borondatearen araberako
erabaki bat. Gaur egun ikastetxe pribatu itunduek jasotzen duten diruarekin doako
eskaintza egiteko aukera eta betebeharra dute 3 urteko geletatik gora. Lanbide
Euskal Herria, 2021eko urtarrilaren 12an
Heziketan eta Batxilergoan ere, itunduta dauden heinean, horien eskaintza ere doakoa
izan beharko litzateke.
· Kooperatiba gero eta gehiago ditugu. Eratzen ari diren ikastetxe pribatu gehienek eredu
hori aukeratzen dute, erkidegoko zein estatuko legediak beste forma juridiko batzuei
ahalbideratzen ez dizkien pribilegioak ematen baitizkie. Kooperatibista izateak begibistakoak
diren abantaila ekartzen dizkie familiei beren seme-alabak ikastetxe pribatu
horretan matrikulatzeko garaian. Gainera, kooperatibista izan gabe, ikasle bat ikastetxe
batean onartua denean, ez ditu kooperatibista diren gainontzeko familien eskubide
berberak. Hortaz, kooperatiben baitan ere familien bereizketa ematen da.
· Eskola kontseiluek ikasleen onarpenerako ematen dituzten puntuek askoz kontrol
zorrotzagoa beharko lukete. Puntu hau ezin da ikasle mota bat edo beste bat
aukeratzeko akuilua izan.
· Eskola mapa berritzea ezinbestekoa da. Eskola mapa berri horrek ikasle guztien aukera
berdintasunari eta herritarron ongizate komunari erantzun beharko lieke, eta ez
ikastetxe zehatzen interes partikularrei.
Asko hitz egin da aste hauetan gure hezkuntza sistema eraberritu beharraz. Etorkizunera
begirako ikuspegi ezberdinak daude, guztiak zilegi, baina epe ertain eta luzera begiratzea ez
da nahikoa. Eragin ikaragarria izango luketen pauso eta konpromiso txikiez hitz gutxi entzun
dugu. Hezkuntza Saila eta ikastetxe itundu gehienak ez badaude prest gutxieneko konpromiso
hauei heltzeko, nola izango da posible etorkizunera begiratzea?
Jakin badakigu neurri hauek guztiak beteta ere, jatorri, sinismen edo egoera
sozioekonomikoagatik ikasle askok jasaten duten bazterkeria ez genukeela erabat
gaindituko, eredu kapitalista baten pean gauden bitartean hezkuntzak, neurri batean edo
bestean, ondorioak pairatuko dituelako. Baina, uste dugu, egungo EAEko sistemak askoz
gehiago eskaini diezaiokeela justizia sozialean oinarritutako gizarte kohesionatuago baten
eraikuntzari. Eskola publikoaren konpromisoa ikaragarria izaten ari da. Eta itundutako
ikastetxeena? Begi-bistan dago, oro har, ezetz. Beste lehentasun batzuk dituzte, zilegiak
diru publikoz hornituta egongo ez balira. Beraz, gizarte kohesioari ekarpenik egin ezean,
diru laguntza horiek berehala eten beharko lirateke. Ikasleen onarpena ezin da herritarren
sailkapenerako beste tresna bat izan.