Hezkuntza Sailak ikasturte hasieraren kudeaketa kaskarrak ikastetxe publikoetan izan dituen ondorio latzekiko ezikusiarena egin eta dirudienez erronka handiagoak direnei ekin die. Lehendakariak jakinarazi zuenez, Hezkuntza lege berria urte bat aurreratuko da. Presaren zergatia ez dakigun arren, publiko egin denari erreparatuz, ulertzen dugu legearekiko adostasuna argia dela eta bidelagun nor izango duen ere bai, jakiteke dagoena da zerekiko den adostasun hori. Lege bat behar omen dugu, baina zertarako, zerbait aldatzeko edo duguna dagoen bezala uzteko? Burutazio horiek ezinbestean datozkigu orokorrean toki politiko hain desberdinak defendatzen dituztenek bat-batean adostasunaren izenean hitz egiten dutenean, data eta guzti, hezkuntzan zer elkargune ote dituzte?
Hezkuntza komunitatearekin kontsultatu gabeko balizko adostasun horretan EAJak eta EHBilduk hainbat ideia zertzelatu dituzte prentsaren bitartez. Ikastetxeen kudeaketa deszentralizatuko litzatekeela dirudi, Udalaren funtzioa areagotuz, hau da, tokian tokiko parte-hartzea sustatuz eta, bide batez, ikastetxeen autonomia indartuz.
Dagoeneko udalak hezkuntza sistemaren parte dira, esate baterako, modu formalean ikastetxeko organo gorenean daude eta ikastetxez kanpoko ekintzak antolatzeko eskumen osoa dute. Ahaztu gabe udalak Haurreskola Partzuergoan duten parte-hartzea, eta horrek sortu dituen askotariko egoerak. Edonola, bere parte-hartzea indartzea onuragarria izan daitekeen zalantzarik ez dugu, baina parte-hartze hori erreala eta ikastetxe guztientzat baliogarria izan dadin aldez aurretiko berdintasun baldintza batzuk beharko lirateke. Horrela izan ezean, parte-hartze aldakorrak desberdintasunak areagotu eta horiei zilegitasuna soilik emateko balioko luke. Inozoa litzateke kontuan ez hartzea udalen kolore politiko eta baliabide ekonomikoen aniztasuna.
Egungo errealitateari erreparatzea besterik ez dugu ikusteko udalen eskumena diren azpiegituretan dagoen aldea ikastetxez ikastetxe, zer esanik ez titulartasun pribatuko ikastetxeen azpiegiturekiko dagoena. Deszentralizazioak desarautzean sakonduko lukeelakoan gaude; horrek, hezkuntzan ematen den merkatu logikak, ikastetxeen arteko lehiak eta gurasoen erabakitzeko eskubide faltsuarekin batera, ikastetxeen arteko arrakala handitzea besterik ez luke ekarriko, ikastetxearen etorkizuneko arrakasta edo porrotaren ardura eskola zehatzen eskuetan utziz. Hori horrela, Hezkuntza Sailak ardurak tokian toki banatu eta egun hezkuntzan dugun arazo larrienei erantzunik ez lioke emango, ezta bere titulartasunekoak diren ikastetxeak babestuko ere.
Adostuko duten legean zalantzarik gabe desarautze hori saihesteko bermeak jarriko direla jasoko da, zoritxarrez egun dugun araudietan horrelako asko jasotzen diren bezalaxe; bete, ordea, ez. Ikastetxeen arteko oreka lausotzeko baliogarria litzatekeen kuota kobratzearen debekua kasu. Gaur egun dugun egoerari aurre egiteko ez ditugu hitz potolo eta intentzio iradokitzaileez beteriko dokumentuak behar, egungo sistema segregatzailea arautuko duen lege argi bat behar dugu.
Adibidez, jakin nahiko genuke nola gainditu daitekeen publiko/pribatu dikotomia ikastetxeen titulartasuna aldatu gabe. Oximoron bat izateaz gain, kontzeptua izugarri arriskutsua da; izan ere, premisa horri jarraituz, zerbitzu bat ematen duten erakunde guztiak, beren entitate juridikoa alde batera utzita, magikoki zerbitzu publiko bihurtuko lirateke, eta diru publikoz subentzionatuta egongo lirateke. Benetan nahi al dute ezkerrean bere burua ulertzen dutenek sinestaraztea proposamen hibrido eta kontraesankor hori gauzagarriagoa dela zerbitzuaren pixkanakako publifikazioa baino?
Hortaz, eskertuko geniokeena Urkullu lehendakariari, baita berarekin adostasunetara iritsi direnei ere, ez litzateke hainbeste noiz argitaratuko den legea baizik eta zer arautuko duen EAEn dugun hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak sortzen dituen arazoak konpontzeko. Begi-bistakoa baita udalari eskumena emanez, ez dela desagertuko EAEn dugun %49 ikastetxe kontzertatuen kopurua.
Komunitatea eta parte-hartzea indartzeko politiken aldekoak gara STEILASen, horregatik hain zuzen ere defendatzen dugu Euskal Eskola Publikoa, hori delako alegia komunitatearen funtsa. Komunitatearen indartzeak publikotasunera garamatzalako eta zerbitzu publikoetan soilik eman daitekeelako.
Eskola publikoa berez da parte-hartzailea, hori baita publikotasunaren oinarria, ez dugu hori arautzeko beste legerik behar, ordea, bere biziraupena ziurtatuko duen berme bat behar dugu aspaldi herri honetan, eta ez dugu uste Hezkuntza Itun honek asmo hori duenik. Beraz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hezkuntza politika erreal bat izan arte guk borrokan jarraituko dugu, hori baita gure hizkuntza eta gure gizartearen biziraupenerako aukera bakarra.
Leave A Comment