Nahiz eta Nafarroako Gobernuko alderdi politikoek edo Gobernu hau Parlamentuan babesten dutenek Ituna betetzeko konpromisoa hartu, legegintzaldiaren hasieran ezarritako neurrien ondoren, Hezkuntza Departamentuak ez du behar den interesik erakutsi akordio horren gainerako puntuak garatzeko.

2019an, Gobernua aldatu ondoren, lege-dekretu bat atera zen ordezko irakasleek uda kobratu zezaten eta kontratatutako langile guztiek antzinatasunaren ordaina jaso zezaten (funtzionarioek bezala). Era berean, Bigarren Hezkuntzan zuzeneko irakaskuntzako orduak murrizteko beste puntu bat bete zen. Une horretatik aurrera, Departamentuak era guztietako eragozpenak jarri zituen Ituneko gainerako neurriak betetzeko. Sindikatuen mobilizazioari esker eta Parlamentuak Ituna betetzera behartzen zuen lege bat idatzita, lortu zen adinagatiko zuzeneko irakaskuntzako murrizketak ezartzea.

Neurriak ez gauzatzeko Hezkuntza Departamentuaren estrategia honako hau izan da: bileretara ez deitzea (hau ere sindikatuen aldarrikapena bihurtuz), edo negoziazioetan lekurik ez duten eragileak eta prozedurak erabiltzea, sindikatuei behin eta berriz gai berberen inguruko iritzia eskatzea, Funtzio Publikoari galdegitea erantzunik jasotzen ez duten ustezko txostenak, edo aurrekontuaren inguruko zailtasun lausoak argudiatzea.

Hau guztia gutxi izango balitz, Itunaren jarraipen batzordearen azkenaurreko bileran adierazi zen “balitekeela Departamentuak ratioak jaisteko interesik ez izatea”, ratioak jaisteak hezkuntza hobekuntzarik ekarriko ez lukeela argudiatuz, murrizketen garai gogorrenean eskuin neoliberalak iragarri zuen bezala, edozein ebidentzia pedagogikoren aurka eta Irakaskuntza Publikoaren kalitatea hobetzeko Itunaren kontrako gurutzadan.

Ratioen jaitsieraz aparte, Steilasek aldarrikatu nahi du Nafarroako Parlamentuaren aurrean Hezkuntza Publikoarekiko ardura politikoa eskatuz, Departamentuaren egutegian aurrikusten ez diren Ituneko hurrengo neurriak: lanaldi osoko igoera irakasleentzat Haur eta Lehen Hezkuntzan 18 orduko kontratuarekin, eta 15 ordukoa Bigarren Hezkuntzan; pentsio osoarekin erretiroa hartu ezin duten 60 urtetik gorako langileen lanaldi osoaren heren bateko murrizketa; euskarazko arte eta musika irakaskuntzen garapena, baita lanaldi eta ordutegien dekretu berri bat ere, Itunaren bidez lortutako hobekuntza guztiak jasoko dituena.

2022 urtea Itunaren indarraldiaren azken urtea da; hura betetzea foru lege bihurtu zen iaz, Gobernuko alderdiek akordio programatikoan betetzeko konpromisoa hartu zuten eta, gainera, BPGaren gaineko hezkuntzan % 5eko inbertsioa lortzea erabaki zuten. Horregatik, gobernu honek ez badu betetzen, eta ez du eginen negoziatzen ari den aurrekontuen zirriborroa onartzen bada, hori egiteko borondate eta koherentzia politikoaren eza agerian utziko ditu.

Jasanezina da gobernu aurrerakoiaren iruzurra, eskola publikoari eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuei baliabideak eskastu eta proiektu suntsitzaile eta antisozialetara baliabide izugarriak bideratzen dizkiena.

Itunak diru partida behar du oraingo aurrekontuetan, Hezkuntza Departamentuak Irakaskuntza Publikoarekin duen konpromisoa bete ahal izateko.