Azaroaren 9an, Harresien Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Munduan okupatuta dauden lurrraldeetan edota muga ezberdinetan 60 harresi baino gehiago daudela, eta munduko líder politiko boteretsuenak harresi gehiago eskatzen dabiltzala gogorarazteko eta salatzeko eguna da gaur. Egitura fisikoez gain, herrialde batzuek beren mugak militarizatu dituzte tropak, itsasontziak, hegazkinak, dronak eta zaintza digitala hedatuz; eta lurra, itsasoa eta airea patruilatuz. Gainera, mugak ez ezik, lurralde eta hiri handietako periferiak ere kontrol sozial neurrien menpe daude.
Horrek mundu harresitu batean bizi garela erakusten digu. Eta gotorleku horiek eraikitzen ditugun bitartean, pertsonak banantzen ari gara, batzuen pribilegioak eta boterea babesten, eta beste pertsona batzuen Giza Eskubideak eta duintasuna ukatzen. Atxurin ikusi genuen aurten, Bilboko Udalak auzoko kantxak hesiz itxiz migratutako pertsonekin auzo-elkartasunari eman zion erantzunean, azken hilabeteetan Ipar Afrikako gazte talde batek gauak pasatzen baitzituzten bertan. Eta egunero ikusten dugu Palestinan, non Israelgo Estatuak 2002tik hainbat harresi eta hesi eraiki dituen Palestinako Lurralde Okupatuan, 700 km baino gehiago dituena eta herriak, familiak eta Palestinako lurrak banatzen dituena.
Harresiak eta hesiak, askotan, tokiko eraikuntza-enpresek eraikitzen dituzte arren (batzuetan, baita indar militarrek edo segurtasun-indarrek ere) akonpainamendu ekipamenduek, teknologiak eta zerbitzu ezberdinek, etekin-aukera ugari ematen dizkiote industria militarrari eta segurtasun-industriari. Delas Zentruak “Harresiak Eraikitzeko Negozioa” izendatutako txostenean Airbus, Leonardo eta Thales arma-enpresa europarrak identifikatu zituen, harresiekin eta hesiekin batera dauden teknologia eta ekipamendu militarraren hornitzaile handienetako batzuk bezala.
Era berean Elbit eta Magal Security bazlaako empresa israeldarrak, harresien eraikuntzan eta mantentze-lanetan eragile global garrantzitsuak dira. Hauek, askotan, haien lana nazioartean, palestinarren aurka “tokian bertan frogatutako” ekipamendu bezala saltzen dute.
Baina enpresa israeldarrak ez dira errudun bakarrak. Etxean baditugu harresi eta muga fisiko arrazistak eta kolonizatzaileak eraikitzen laguntzen duten enpresak. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu CAF euskal tren-enpresa, Beasainen egoitza duena eta Eusko Jaurlaritza akzionista duena. Enpresa hau Palestinako lurralde okupatuan tranbia-linea bat eraikitzearekin ez pozik, lerro eta azpiegitura gehiago eraikitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Linea eta azpiegitura horiek, biztanleriaren komunikazioan hobekuntza gisa saltzen dituzten arren, harresien funtzioa betetzen dute eta Israelgo estatuarenapartheid proiektu arrazistari babesa ematen diote.. Horregatik, ezin dugu alde batera utzi, Israelgo Estatuaren apartheid eta genozidio proiektuan, CAF euskal ordezkari garrantzitsuenetako bat dela.
Bestalde, harresien eta segurtasun-industriaren gorakadaren atzean narratiba boteretsu eta manipulatzaile bat dago, hegemoniko bihurtu dena. Narratiba honek beldurraren hizkuntza erabiltzen du, jendea benetako kausetatik aldentzen du eta gorroto-diskurtsoak eta -delituak elikatzen ditu.
Horregatik, Harresien aurkako Egunean, Bizkaiko SOS Arrazakeriak, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek eta BDS Bizkaia elkarteok gure borrokak batu ditugu gure planetan dauden horma eta hesi fisiko eta mental guztiak suntsitzea eskatzeko, eta herriek eta pertsonek beren etorkizuna erabakitzeko eta bizitza duina bermatzeko duten erabaki askearen errespetua eskatzeko.
Gora munduko herri askeak! Apurtu ditzagun harresi guztiak!
ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK