Prentsaurrekoa. Nafarroa. ELAk eta STEILASek galdatu diote Hezkuntza Departamentuari negoziazio bat hasteko, murrizketak lehengoratu, lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa garatuko duena.

Legealdi hau hasi zenetik hona ia bi urte eta erdi igaro dira, eta “aldaketaren gobernuak” deus gutxi aldatu du hezkuntzan. Abiaburu-egoera tamalgarria zen. Ezta ekonomiaren ongialdian ere ez zen apusturik egin irakaskuntza publikoaren alde, eta inbertsioa BPGaren %4tik beherago zegoen finantza-krisiaren faserik gogorrena baino lehenagotik, eta maila hartatik are beherago egin zuen %3,1era iristeraino, Europako batez besteko %4,9tik oso urrun (329 milioi euro gutxiago), eta anitzez urrunago UNESCOk gomendatzen duen %6tik. Bestalde, Nafarroako Gobernuak bere aurrekontuaren %15,8 murritz bat bideratzen du hezkuntzara, beste lurralde batzuetan %20tik gorakoa izan arren. Zenbaki horiek lotsagarriak dira edonorentzat, baina gure politikariek datu lasaigarri batekin erantzuten dute, Nafarroak diru-kopuru handiago bat inbertitzen du ikasleko. Gure errenta-maila handiagoa izateak ez dakar berez zerbitzu publiko horren aldeko apustua, nahiz eta aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko oinarrizko tresna izan. Finantzaketa egoki bat egiteko, beharrezkoa izanen litzateke 2017ko 634 milioitik 1000 milioira igotzea, eta horretarako ezinbestekoa da politika fiskala aldatzea, gastu-goiena edo defizit-muga alde batera uztea eta aurrekontu-politika zeharo aldatzea.

Murrizketak errukirik gabe egin ziren Nafarroako Hezkuntzan; baina gobernu-akordioan beharrezko neurriak jaso ziren murrizketak lehengoratzeko. Tamalez, abiarazi diren aldaketa bakarrak Haur eta Lehen Hezkuntzaren ratioa gutxitzea eta azpiegituretako inbertsioa igotzea izan dira.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Itun bat egitea espero genuen, asmo sindikalak jasotzeko, eta murrizketak lehengoratzeko epeak ezartzeko. Horrela berreskuratu nahi genituen galdutako ehunka enpleguak, eta horrela amaitu nahi genuen enpleguaren prekarizazioarekin. Azkenean, joan den martxoan negoziazioaren atariko fasea hasi zen. Sindikatuok azkar bidali genituen gure proposamenak, eta sektore-mahaiko bileretan, maiatzaren 31ra artekoetan, xehetasun guztiak eman genituen. Maiatzaren 31ko azken bileran Hezkuntzako zuzendari nagusiak bere proposamena pare bat astetan guri bidaltzeko hitza eman zigun, ondoren negoziazio-faseari ekiteko, eta akordioak aurrekontu-aurreproiektuan islatzeko.

Lau hilabete baino gehiago igaro dira harez geroztik, eta Hezkuntza Departamentuak ez digu batere proposamenik igorri. Ekainean gobernuaren azpiko lau alderdien akordioaren zain geunden, udan arduradunak kanpoan zeuden, irailean egun gutxiren kontua zela ziurtatu ziguten. Bitartean, Nafarroako Gobernuak gastu-goiena itundu du Espainiako Gobernuarekin. Akordio horrek mugatzen du aurrekontuan igoera nabarmenik egitea, eta beraz, gure eskari gehienak bete ezinezkoak izanen dira.

Gure pazientzia agortu da, eta hezkuntzako langileena are gehiago, aldaketa-aukerak aienatuz baitoaz. Izan ere, langile horien gehiegizko lan-karga arintzeko itxaropena eta lana baldintza hobeetan egiteko itxaropena galduz doaz. Etsipena eta eszeptizismoa hedatu dira ikastetxe guztietara.

ELAk eta STEILASek erabaki dugu ekiteko garaia heldu dela. Ez dugu onartuko gibelatzerik, ezta aitzakia gehiagorik ere. Lehengo gobernuak ezarri eta oraingo gobernuak mantendu dituen murrizketa-neurri guztiak berehala lehengoratzeko eskatzen dugu tinko.

Neurri horietako batzuk arras premiazkoak dira, besteak beste, ordezpenak lehen egunetik, ratioa eta irakastorduak gutxitzea etapa guztietan, edo aniztasuna artatzeko baliabideak hornitzea.

Horregatik, dei egiten diegu hezkuntzako pertsonalari, ikasleei eta familiei erreibindikazio-egun bat egitera, urriaren 20an, ikastetxeetan eta karriketan.

Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu gure eskaerak kontuan hartzeko, eta negoziazioko benetako prozesu bat hasteko, beti ere, lan-baldintzak hobetzeari begira, eta hezkuntza publikoak dituen erronkak eta beharrizanak behar bezala erantzutearren.

Komunikatua PDFan

Prentsan

Euskalerria irratia

Noticias de Navarra

Diario de Navarra

Europa Press

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude