Aztoratu egin dira Ebrotik beherako ikastetxe itunduetako patronalak eta Eliza. Hala ere, ondo dakite LOMCEk pribilegio neurrigabeak eman zizkiela, frankismo osteko hezkuntza eredu liberalaren zabalkundeak ikaragarrizko babesa ematen diela eta LOMLOEk oinarri sendo hori berrestu besterik ez duela egiten. LODE legea onartu zenetik ia lau hamarkada igaro direnean, ondorio garbi bat atera dezakegu: itunen politikak porrot egin du. Ikastetxe pribatuek ez dute tokirik gizarte orekatuago baten eraikuntzan, ez dute jendarte kohesioa indartzeko balio eta ikasleen onarpenean aukera berdinatsuna bermatzeari uko egin diote.

Ebrotik gorako patronalak eta eliza, aldiz, lasai asko daude, oparotasunean igerian, beren proiektu baztertzaileen oinarriak sendoak baitira. Hamarkadaz hamarkada eraiki dituzte PSOEk (PSE eta PSN), Eusko Alkartasunak eta EAJk. EAEko eta Nafarroako lehendakariek eta hezkuntza sailburuek baieztatu digute. Bide horretan, ezker abertzalea ere bidelagun fina izan da, ikastetxe pribatuen arteko sinbiosia hauspotzen.

Guztiak daude eskola publikoaren alde, baina baita pribatuaren alde ere. Norbera bere irakurketa propioarekin; ahal duten moduan ezinezko orekak eginez PSOE eta EHBilduren kasuan, eta gordin-gordinean, hezkuntza pribatua defendatuz, EAJren kasuan, sexuaren arabera umeak banatzen dituzten ikastetxe horien alde eginez. Norberaren “nortasunaz” haratago, titulartasun pribatuko ikastetxe guztien arteko elkarbizitzaren oinarriak osasuntsu daude: eskubide indibidualek ez omen dute mugarik, nahiz eta gizartearen kalterako izan. Horretan datza hamarkadaz hamarkada gure hezkuntza sistema kudeatu dutenen ituntze unibertsalen politika.

Edozein estatu demokratikok beharrezkoak diren mekanismoak ezarri behar ditu legitimoak izan daitezkeen eskubide partikularren bermeek disfuntzio sozialik sor ez dezaten, eta gizarte osoari kalterik eragin ez diezaioten. Izan ere, gizartea, bere osotasunean, eskubideen jabe ere bada. Ideia horixe da alderdi politikoek eta hezkuntzako eragile askok oraindik barneratu ez dutena. LOMLOErekin ere hezkuntza eredu liberala indartzen da, eskubide inbidualak gizarte osoaren eskubideei gailentzen baitzaizkie, azken horien kaltetan. LOMCEk ezarritako pribilegio batzuk kentzearekin konformatu behar al dugu? Trataera berbera izan behar al dute ikastetxe pribatuek eta publikoek? STEILASen ustez Eskola Publikoak herritar guztientzako eskola izan behar du. Horrek bermatuko baitu eskubide indibidual zein kolektiboen uztartzea. Ideia honen gainean eraiki dira herrialde aurreratuenen hezkuntzaren inguruko adostasun zabalak.

Pasi Sahlberg Finlandiako hezkuntza-erreforma politikoen sortzaileetako bat izan zen 90eko hamarkadan, eta Finish Lessons liburuan honako hau idatzi zuen: “Finlandiako pertsonek erantzukizun partekatuaren zentzu sakona dute. Norberaren bizitzaren garrantziaz gain, besteen ongizatea oinarrizkoa da”. Finlandiak, akordio zabalak tarteko, hezkuntza pribatua alboratzea erabaki zuen, eta ondorioz, herritarren arteko ezberdintasunak txikitu ziren.

Amaitzeko, hezkuntza eredu liberal bat defendatzen dutenei, Joseba Sarrionandiaren hitzak ekarri nahiko genizkieke gogora:

Gure eskubideak ez dira besteenak amaitzen diren lekuan hasten.
Besteen eskubideak hasten diren lekuan hasten dira gureak.
Eta gure eskubideak hasten diren lekuan hasten dira besteenak ere.