Kaosa da Nafarroako ikastetxeetan bizi dena eguberrietatik. Pandemiaren zabaltzearekin, covid positiboen kasuek gora egin dute izugarri eta horrek zuzenean eragin du eskoletako funtzionamenduan. Egoera iraultzeko ezinbestekoa da gobernuak inbertsioa handitzea eta beharrezkoak diren baliabideak zentroen esku jartzea. Baina hori izan al da Hezkuntza Departamentuaren jarrera? Zoritxarrez ez.

Egoerari aurre egin beharrean ikastetxeei ez die kasurik egin eta erabat abandonatu ditu:

  • Ordezkapen falta: sortutako bajei erantzuteko kontratazio gehiago egin behar dira lehenengo egunetik.
  • Lan zama handia: zaintza ezinbestekoa da.
  • Telelana: laneko baja egoeran ezin da lanik egin. Telelana ere ez, klaseak streaming bidez ere ez.

Guzti honi gehitu behar zaio eskolaz kanpoko ekintzak emateko beharra eta derrigorrezko prestakuntza saioak. Hori gutxi balitz langileok produktuak erosteko ahalmenean galera ere pairatzen ari gara. Irakaskuntzako langileok esker oneko hitz gutxiago behar ditugu eta inbertsio handiago, bai giza baliabideetan baita lan baldintzetan ere. Behingoz Hezkuntza Ituna betetzea behar dugu, ikastetxeen lana duintzeko eta errespetatzeko iraskaskuntza-ikaskuntza prozesuak, irakasleen eta ikasleen eskubideak, beharrak eta erritmoak.

Kolapso egoera hau iraultzea Hezkuntza Departamentuaren ardura da, beraz, eskakizuna argia da: langileen lan baldintzak eta osasuna zaintzea, estresa eta nekea muturrera eraman gabe.