130909 berriaEuskal sistema publikoaren defentsan bigarren ikasturtea izango da LOMCEren aurka. LOMCEren eredu atzerakoia ez da behar duguna ezta euskal gizarteak nahi duena ere. Datozen hilabeteetan onartzeko asmoa adierazi dute behin eta berriro, hurrengo ikasturtean ezartzeko.  EAEko Hezkuntza Sailak lege horrekiko desadostasuna adierazi du, horren kontra egitasmo zehatza aurkeztu gabe, eta Nafarrroako Gobernuak legea “Nafar erara” aplikatuko duela esan du. Edozein kasutan egitasmo horren aurka kontzienziazio eta mobilizazio kanpainarekin jarraituko dugu .

Oraingo Euskal Gobernuaren lehen kurtso hasiera da hau. Hezkuntza Politikari dagokionez oraindik ez dugu Hezkuntza Sail honen egitasmoen berri, ez dakigu zeintzuk diren Sailaren helburu estrategikoak (hizkuntzen trataera, mapa eskolarra, balizko Hezkuntza Lege propioa) eta are gutxiago sindikatu honek mahai gainean jarri dituen hainbat proposamenei buruzko erantzuna.  Oso delikatua den bakegintzari buruzko aurre proposamen bat ezagutu dugu, itxaropentsu ikusi ditugu oinarriak baina ikusteke dago gauzatuko diren. Euskal gizarteak bake prozesuan aurrera egitea eskatzen du, baita bizikidetza hobetzeko eta egindako mina aitortzeko urratsak ematea. Hezkuntza sistema, erabilera partidista alboratuta, bakearen kultura garatzeko tresna eraginkorra izan daiteke.

Bestaldetik, 2013rako aurkeztutako aurrekontuaren zirriborroak aurreko urteetako murrizketen politikarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazten zuen. Nafarroan gobernu aldaketarik ez da egon, eta murrizketen politikek bere horretan dihardute.

Hezkuntzan murrizketen ondorioak ezagunak dira: hitzartuta zeuden eraikin berriak ez dira egiten, ikastetxeen funtzionamendurako ditu gutxiago dago, herrietan eskola garraioa murriztuta, mailegu programaren testu liburuak berritzeko oztopoak, soldatak jaistea, lan eskubideak urratzea…Aldi berean bi gobernuek sexuaren arabera ikasleak sailkatzen dituzten ikastetxeak diruz laguntzen jarraituko dutela esan dute.

Sare publikoan STEE-EILASek ezinbestekoa deritzogu atzera egitea azken hiru urteetako murrizketetan, bai plantiletan baita eros ahalmenean; erretiroa hartzerakoan jartzen ari diren oztopoak ordu murrizketen bidez arintzea; eta hezkuntza zerbitzuen eskaintza areagotzea: jantokiak hobetu, eskolaz kanpoko ekintzetarako baliabideak handitu…

Lan legepeko langilegoaren egoera behingoz hobetu behar da; 10 urte daramate  hitzarmen berria negoziatu gabe eta orain erreforma laborala erabiliz, atalen bat errespetatzeari utzi diote.

Haurreskolak Partzuergoan matrikulek behera egin dute, kuotak ordaindu behar dira eta guraso askok ezin dute. Horrek 0-2 urteko ume asko eskoletatik at uzten ditu, errekurtso ekonomiko gutxien dituztenak, hain zuzen ere; eta gainera areagotu ditzake gurasoek,  batez ere amek, dituzten oztopoak enplegua bilatzean. Bestaldetik prentsaren bidez jakin dugu Partzuergoaren beraren existzentzia kolokan jartzen ari dela. Ez genuke txarto ikusiko Hezkuntza Sailaren barne izatea 0-2 urtekoen hezkuntza, gainerako etapa guztiak bezala, betiere argi izanda ezin dela langile kopurua murriztu, eskoletan zuzenean nahiz kudeaketa arloan lan karga izugarria dute eta.

Sare pribatuan Kristau Eskoletan erreforma laboralak zuzenean jo du, patronalak estatuko lan hitzarmena baino besterik ez duela bete behar dio; horrek inboluzio laboral izugarria  ekarri du (lansarien murrizketa berria, Tribunal Gorenaren sententziatik ihes egin nahia, eskubide laboralen galera….) eta erabateko babes falta ere; horren ondorioz ikasturtea oso gatazkatsua izango da.

Ikastoletan oraingoz ez dira ausartu hitzarmena bertan behera uzten eta negoziatzen jarraitzen dute, momentuz indarrean dihardu lan hitzarmenak

Unibertsitatean ikasturtea finantziazio murrizketengatik baldintzatuta egongo dira bai ohiko jarduera bai lan esparrua ere. Onartutako aurrekontuetan jasotako 40 milioi €ko murrizketak ezinezko egiten du eman beharreko zerbitzu publikoa normaltasunez eta orain arteko kalitate mailan ematea. Irakaskuntza eta ikerkuntzari lotutako hainbat ekimen eta zerbitzu orokorreko egitasmoak murriztuko dira halabeharrez, eta ondorioz enplegua ere. 2014ko aurrekontuak norabide berdinetik badatoz gatazka handia sortuko da gure unibertsitatean irakaskuntza eta ikerkuntza egiteko, baldintzak nabarmen okertuko direlako eta gure egungo lanpostuak kolokan jarriko direlako. Hori ez dugu onartuko eta horrela gertatuko balitz ez da bake sozialik izango EHUn. Unibertsitateak duen funtzio sozial eta ekonomiko estrategikoa burutzeko baliabideak eman behar zaizkio, are gehiago krisi garai honetan irteerarako giltzetakoa denean.

Nafarroan argazki arin bat egitean egoera latza aurkitzen dugu. Lau haizetara zabaltzen ari dira sare publikoan kontrato gehiago egingo dutela irailean, baina  prekariatea areagotzen ari da. Urte osoko kontratuak izan beharko liratekeenak 9 hilabeteko bihurtzen dira, eta ez dira izango lanaldi osokoak. Beste aldetik, Nafarroako Unibertsitateko ikasleeek  oraindik ez dakite bekak lortzeko aukera izango duten Departamentuak oraindik erabaki ez baitu zein izango den behar duten nota.

Hezkuntza komunitate osoa eta hiritarren iritziaren aurka, “Lanbide Heziketako kanpusa” erakitzeko aitzakiarekin  Opuseko unibertsitateari  Donapeako orube emateko proiektuarekin aurrera jarraitzen dute.

Beste aldetik, kezkagarriak diren PAI eta PAA (ingeleseko eta alemaneko)  programak hedatzen jarraitzen dute, bitartean ez dute euskarazko eskaintza baimentzen zenbait herrietan nahiz eta eskaerak izan.

0-3ri dagokionez, Nafar Gobernua gero eta baldintza gogorragoak jartzen ari zaie udalei komenioak egiteko eta diru laguntzak emateko eta udalek ez dute diru nahikorik finantzatzeko. Ondorioz kuotak gero eta garestiagoak eta plaza eskaintza urriagoa.

Ikusten denez baditugu kezkatzeko arrazoiak.

STEE-EILAS

2014-09-06