STEE-EILAS en BALORAZIOA Aurrekontuak 2014

Eusko Jaurlaritzak 2014. urterako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailerako aurkeztu duen aurrekontu proiektuak, 2010an hasitako aurrekontuek birmoldaketak ezarritako Hezkuntzaren inguruko gastu publikoaren murrizketa kontsolidatzen du. PNVek, aurreko gobernuak eginiko murrizketak behin eta berriz kritikatu zituen arren oposizioan zegoela, neurri murriztaile hauei jarraipena ematen die.

Ezin dugu jakin benetan ea 2013. urteko aurrekontuekin alderatuz 130 milioiko igoera dagoen. Ziur esan dezakeguna da 2012an onartutako azken aurrekontuarekin alderatuz %4,2ko jaitsiera dagoela, beharrezkoa litzatekeena  baino 120 miloi euro gutxiago. Eta hezkuntzarako ematen den gastu publikoaren murrizketa hau edozein adierazle objektibotan antzeman daiteke. 2012-2014 bienio honetan, hezkuntzari dagokion aurrekontua aurrekontu orokorra baino gehiago jaitsi da (%4,2 hezkuntzan eta 2,2% orokorrean), aurrekontu orokorrarekiko duen pisua ere jaitsi da (%25,3tik %24,8ra), BPGri dagokionez berdin (%4,1etik %3,9ra), eta baita ikasleko gastuan ere (7.593etik 7.026 eurotara).

Egia da 2013ko aurrekontuekin alderatuz hobekuntza partzialak badirela, eskoletako funtzionamendu gastuei eta  bekei dagokienak hain zuzen ere (azken hauetan.2012ko mailetara iristen ez bada ere). Hala ere, balantze orokorra oso ezezkorra da. 2012 urtekoa erreferentzia izanda, ekipamendua jaisten da (%58), birgaitze lanak eta ikastetxe berrien eraikuntza (%30), eskola garraioa (%29), prestakuntza programak (%38), euskalduntzea (%36), EHUren azpiegituretarako (%64)…Honetaz gain, ez da diskriminazio positiborik egiten azken urteetan aurrekontuetatik kalteturik ateratzen den eskola publikorako, eta ez da bermatzen Unibertsitate Plan betetzea.

Proiektu honek, gainera, ontzat ematen ditu langile publikoen lan baldintzetan eginiko murrizketa guztiak (5 urtez murriztutako soldatak, erretiro sariak, ezgaitasun iragankorraren osagarria…). Modu berean,a ikasle kopurua handitzen doan arren plantiletan ez da inolako hazkunderik ematen. Azken honek, gelako ikasle kopurua  7,15ean igotzea ekarri du 2009-10 ikasturtetik. Azkenik,  ordezkapen falta pairatzen jarraituko dugu eskoletan, horretara zuzendutako partida ere jaitsi egiten baita (%4,9 Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eta %4,5 bigarren hezkuntza).

Gobernuak ahalegin handiak egin ditu gastu publikoa kudeatzeko orduan Hezkuntza lehentasun bat dela sinetsi arazteko. Horretarako lotsagabe jokatu du, eta egungo proiektua onartu gabeko proiektu batekin alderatzera iritsi da. Ahalegin horrek aldiz, ez du aurrekontuan islarik izan. Horretarako, beste urte bete itxaron beharko dugu.

                                                                           2013ko abenduak 12