EGIBIDEk diru publikoaz kanporatzen du

STEILAS sindikatuak salatu nahi du aste honen hasieran plantilaren gehiengoa  oporretan zegoenean Gasteizko Egibide enpresak egindako bi langileen kanporaketa.  Kanporaketa horiek –lehendabizikoak ez badira ere- ez dira arrazoi objektiboekin justifikatzen -itundutako gelen galera, esaterako- arrazoi ideologikoek eragindako kanporaketak izan direlako.

STEILASen ustez, erabaki horren atzean langileen aukeraketa diskriminatzailearen aldeko obsesioa dago. Hori erabat galarazita dago, are gehiago %100ean diru publikoaz bizi den ikastetxe batean. Izan ere, lansarien atzerapenak ordaintzeko adina diru ez dutela diotenak dira, hain zuzen ere, diru publikoa kanporaketa apetatsuak ordaintzeko  erabiltzen dutenak. Eta, bitartean, Egibideri diru-laguntza publikoak ematen dizkiotenak (Hezkuntza Saila, Gasteizko Udala, Kutxabank)  beste aldera begira daude, fondo publiko horien kudeaketa zuzena zaindu beharrean.

STEILAS-ek bere elkartasuna adierazi nahi die kanporatutakoei; aldi berean, berresten du egoera guzti hauek salatzeko konpromisoa, enpresarientzat lagungarria den lan-arautegiak eragindakoak direla jakinik.

Gasteiz, 2014ko uztailaren 2an