Tantaka eta etengabe ari da Eusko Jaurlaritza, hezkuntza komunitate osoak
arbuiatu duen LOMCE legea gure hezkuntza sisteman, Heziberriren bitartez,
txertatzen. Hilabete honetan eraso berria jasoko dugu: LOMCE-k ezartzen duen
3. mailako errebalida egin behar izango dute 30 ikastetxetako ikasleek, 8
urteko 1500 umek. Aurten “pilotajea” izendatu duten azterketa datorren
ikasturtean ikastetxe guztietara zabalduko da, berez segregatzailea eta klasista
den hezkuntza sistema bat egonkortuz eta indartuz. steilasek salatu nahi du
Eusko Jaurlaritzaren faltsukeria, LOMCE legearen kontra dagoela esan eta lege
horrek ezartzen duena aplikatzen duenean: Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu
behingoz, argi eta garbi esan diezaiola euskal gizarteari LOMCE-k barneratzen
dituen errebaliden alde dagoen ala ez.
steilas azterketa mota honen aurka dago arrazoi askogatik, besteak beste:
Ikastetxeei eta 3. mailako ikasleei inposatutako froga delako; izaera
homogeneizatzailea duelako, aniztasunaren eta pertsonaren benetako garapen
osoaren kaltetan; Interes zehatzei erantzuten dien gaitasunak ebaluatzen
dituelako soilik (ikasgai instrumentalak ebaluatzen dira) garrantzi gehiagoko
beste zenbait baztertuz (izaera kritikoa, sormena, lankidetzarako gaitasuna…),
sistemaren homogeneizazioa dakartelako (lekuan lekuko egiten diren
egokitzapen curricularrak baztertzen dira, ikasle eredu bakarraren arrakasta
bilatzen da…) eta ikasketa prozesuan ematen diren prozedurak baztertzen
direlako.
Gure hezkuntza sistemak behar dituen hobekuntzak ez dira ez LOMCE legetik
ez HEZIBERRItik etorriko. Beharrak guztiz bestelakoak dira, horregatik, bat
egiten dugu 3. mailako ikasleei inposatuko zaizkien proben kontra agertu diren
eskola komunitateekin.
Beste aldetik, nahiz eta ofizialki ikastetxeen izenak oraindik ez eman, zalantzak
ditugu ea zentroen organo demokratikoen iritziak eta erabakiak kontuan
hartuko eta errespetatuko diren proba hauek egiteko. Administrazioari exijitzen
diogu LOMCE eta HEZIBERRIren gainetik printzipio demokratikoak
errespetatzea; eta afektatuta dauden edo egon daitezkeen ikastetxeei haien
eskubideak defendatzeko gure babes osoa dutela jakinarazten diegu.
LOMCE legeak eta HEZIBERRI dekretuek, euskal eskola publikoaren izaera
integrala, anitza, inklusiboa, euskalduna, hezkidetzailea, unibertsala eta laikoa
erasotzen dute!

Euskal Herrian, 2015eko maiatzaren 6ean
steilas