Elkarretaratzea Bretxan

ERASOEN AURREAN SALAKETA FEMINISTA

Euskal Herriko emakumeen Mundu Martxatik Donostian emakume batek jasandako eraso sexuala salatzera gatoz.

Erasoa jasan duen emakumeari gure laguntza eskaini nahi diogu eta eraso matxisten aurkako jarrera irmoa azaldu nahi dugu.

Beste behin ezagutu dugu emakume batek eraso sexual bat jasan duela, zoritxarrez hau ez da berria. Egun, emakumeen eguneroko bizitzak erasoz beterik daude. Eraso hauetako batzuk ez dira salatzen, ez dira kontabilizatzen instituzioetan, baina existitzen direla badakigu eta komunikabideetan ateratzen direnak baino gehiago direla ere bai.

Indarkeria sexista unibertsala da eta mundu guztian ematen da, ez da iraganeko arazo bat. Emakumeen Mundu Martxatik emakumeok pairatzen dugun indarkeria salatzen dugu, baita lesbiana, transexualak eta homosexualak sufritzen dugun indarkeria ere bai. Indarkeria hauek erro berbera baitute. Egungo jendartearen egituraketan dagoen matxismoa hain zuzen ere.

Donostian ere jendarte matxista batean bizi gara, non erasotzaileek emakumeen kontrako indarkeria erabiltzen duten. Askotan, egoera zailenetan dauden emakumeek pairatzen dute bortizkeria hau (gazteak, adinekoak, edo etorkinak). Erasotzaileek indarkeria erabiltzen dute gehienetan, inongo zigorrik edukiko dutela pentsatuz. Oso erasotzaile gutxi zigortuak, atxilotuak edo salatuak izaten dira eta ondorioz inpunitate osoz jokatzen dute.

Kasu honetan ez da horrela izan eta erasotzailea atxilotua izan da, eta epaiketaren zain dago.

Dena den, lege prozeduraz gain Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak salaketa soziala sustatu nahi du.

Emakumeok ez dugu beldurrez bizi nahi, nazkatuta gaude. Beldurrarekin bizitzen garen heinean ez dugu bizitza askerik edukiko. Kokoteraino gaude jendarte matxista, lesbofobo eta transfobo honetaz. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu emakumeok defendatzeko tresnak gureganatzea; tresna pertsonalak, kolektiboak, instituzionalak eta erasoei aurre egiteko behar diren tresna guztiak eskura nahi ditugu.

Ez gara isilduko, ez gara geldirik geratuko, indarkeria matxistaren aurkako eguneroko lana egiten jarraituko dugu, autodefentsa feminista sustatuko dugu, ez ezetz dela esaten jarraituko dugu, eta kalera ateratzen jarraituko dugu…beldurra eskuz aldatu arte ez gara geldirik egongo, erasotzaileak beldurra eduki arte ez gara geldituko!!!!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!!!!

SEGUIREMOS EN MARCHA HASTA QUE TODAS SEAMOS LIBRES!!