EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA!

LOMCE eta HEZIBERRIri EZ! Murrizketarik EZ!

U26 Nafarroako kartelaEAEko kartelaBadira 3 urte baina gehiago Euskal Herriko hezkuntza komunitatea gogor ari dela Espainiako Gobernuaren LOMCE Hezkuntza Erreformari aurre egiten eta gure herrian hezkuntza sistema propioa garatzeko ahaleginetan. Horren adibide dira 2013ko urritik hona burutu ditugun manifestazio jendetsuak, milaka batzar, hitzaldi eta elkarretaratze ehunka ikastetxe eta herritan, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako azterketei eginiko plantoak eta beste hainbat mobilizazio.

Gasteiz eta Iruñeko gobernuak, ahoz erreformaren aurka azaltzen badira ere, hezkuntza sistema txikitzen duen lege berriaren oinarrizko eta larrienak diren eduki eta kontrol mekanismoak ezartzen ari dira. Mendoza sailburua LOMCE bere horretan ezartzen ari da pausoz pauso. Uriarte, aldiz, Heziberriren mozorropean ari da erreformaren eduki larri eta nagusienak ezartzen.

Ekainean, Espainiako Gobernuak 4. DBH eta Batxillergoko 2 mailako azterketak (errebalidak) arautzen dituen dekretua argitaratu zuen. Mendozak dekretuak betetzea beste biderik ez zuela adierazi zuen eta Uriartek hauteskunde kanpainan “errebalidarik” ez zela egingo esan arren, irailaren 23an, hauek arautzen dituen dekretua atera zuen, LOMCEk hezkuntza sistema osoa kontrolatzeko ezartzen dituen mekanismoei inolako oztoporik jarri gabe.

Honekin batera Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua murrizketa gogorrak ari dira inposatzen hezkuntzan, lan-baldintzak okertuz, behin-behinekotasun onartezina areagotuz, lanpostuak murriztuz, lan-kargak handituz, geletan ikasleak pilatuz.

161018-u26-prentsaurrea

steilas eta ELAko kideak

Hori dela eta, murrizketak politikak alde batera utzi eta hezkuntza osoa egungo ekonomia neoliberalaren mesedetan jartzea helburu duen eta erabat zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uztea exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian ezar dezaten.

Beste behin ere, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu LOMCE eta honen aplikazio hutsa den Heziberri, bertan behera utz ditzatela eta Euskal Herriko hezkuntza komunitatearekin adosturiko hezkuntza sistema propioa garatu dezala:

  • Hezkuntza publikoa ardatz harturik Europako bataz-besteko hezkuntza inbertsioa bermatuz, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.

  • Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasuna, ekitatea eta kalitatea oinarri.

  • Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ardatz duena.

  • Hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.

Hau honela, urriaren 26an, hezkuntzako langileak ordu beteko lanuztea egitera deitzen ditugu eta hezkuntza komunitatea osoa egun horretarako ikastetxe, herri eta eskualde ezberdinetan deituko ditugun elkarretaratze eta mobilizazioetan parte hartzera, modu berezian lau hiriburuetan 18:00etan burutuko ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan.

Bilbo: Hezkuntza Delegazioan. Gran Via 83

Donostia: Boulebarra

Gasteiz: Correos

Iruñea: Hezkuntza Departamentutik

Euskal Herrian, 2016ko urriaren 18an