Mahai Negoziatzaileari buruzko hausnarketa

Atzo 3 sindikatuok eta Enpresa bildu ginen pasa den bileran adostutako gaiak tratatzeko: Ordezkoen Araudiko sarrera eta lehendabiziko 3 artikuluak eta Lan Hitzarmeneko 44. eta 47.artikuluak.

Ordezkoen Araudiari buruz hitz egiterakoan, forma kontuetan aritu ginen denbora luzez, esaldiak berridazten, batez ere. steilasek egindako 2 proposamen garrantzitsuetan, desadostasunak izan ziren: Administrazio langileen araudia Ordezkoen Araudian txertatzea eta zerrenden etengabeko irekiera.

Administrazio langileek araudi bat behar dute, beraien lan-egoera egoki kudeatzeko ezinbestekoa, eta, Enpresak, urteetan atzeratu du. Guk araudi bakarra sortzea proposatu genuen gai honi bidea zabaldu eta behar duen garrantzia emateko. Enpresak Hezitzaileen Araudiarekin ez nahastea nahi du, prozesuak guztiz desberdinak direla argudiatuz. Lehenago ala beranduago, aurre egin beharko diogu.

Zerrenden irekierari dagokionean, berriz, guk, hauek berriro zabaldu eta etengabe irekita mantentzearen alde egin genuen, baina Partzuergoa ez dago prest. Ikasturtero zabaldu beharrarekin zalantzak ditu, baina kontziente da inoiz egin beharko duen zerbait dela. Noiz eta nola, erabakitzeke utzi zuen.

Lan Hitzarmenari buruz, berriz, zaharrak berri. 44. artikuluarekin (Norberaren eginkizunetarako egunak) adostasun batera iristea ezinezkoa da momentu honetan Enpresak egiten duen interpretazioa eta erakusten duen jarrera itxia direla-eta. Guk, gutxienez, gaur egun idatzita dagoena errespetatzea eskatu genion: eskaerak egiteko arrazoirik eman behar ez izatea, 7 egun baino gehiago hartzera ez behartzea eta eskaerak ukatzeko laneko arrazoiak argudiatzea soilik. Esan bezala, interpretazio arazo hauek erabakiak hartzea ezinezkoa egiten dute.

47. artikulua, borondatezko eszedentziak arautzen dituena, berridatzi behar da. Eszedentziatik lanera bueltatzen garenean Partzuergoak langileen egoerarekin zer egin ez dakienez (kontratua mantendu, lanpostua gorde…), ez du eszedentziarik ematen. Sindikatuon ekarpenak jaso ondoren, jarrera aldatu eta malguago azaldu zen. Zergatik? Dagoeneko, bere jokaera bidezkoa ez dela aurpegiratu dion sententzia bat duelako mahai gainean, steilasek irabazitakoa, hain zuzen ere. Berriz ere, epaitegietara jo behar izan genuen Enpresaren jokabidea salatzera.

Beraz, atzoko bileran egindako ekarpen guztiak jaso eta gero, hurrengo bileran erabakiak hartzen hastea espero dugu.

Azken urteetako dinamikaren inguruko steilasen hausnarketa

Atzoko bileran ikusitakoa eta gero uste dugu hausnarketa egiteko garaia dela. Azken urteetan izandako dinamika honek ez garamatza inora. Ikasturte hasieran esan bezala, Enpresak dirua suposatzen ez duten arloetara mugatu nahi du gure negoziazio esparrua, funtsezkoak diren gaiei buruz eztabaida zabaldu gabe. Hori gutxi balitz, uzten dizkigun apurrekin bilera batetik bestera ari gara denbora nola pasatzen den ikusten, aurrerapen nabarmenik gabe.

Enpresa oso eroso dago egoera honetan, bake soziala baitu. Sindikatuak erabili eta txikikerietan entretenitzen gaitu bake hori mantentzeko. Hezkuntzako beste sektoretan bezala, murrizketak jasan ditugu, negoziaziatzeko aukera mugatuta dugu, aurrekontuak ezin dira ikutu… Elkarrekin mobilizatzeko garaia ez al da heldu? Ez al da momentua sektore horietan ematen diren mugimenduak gure egiteko?

Askotan helarazi diguzue zuen kexak honen inguruan, arrazoi guztiarekin. Gure kezka eta hausnarketa beste sindikatuekin elkarbanatuko dugu.

2017-01-26 STEILASBERRI 10