ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesten dugu, eta bere emaitzak onartzeko konpromisoa adierazten dugu. Demokrazia eta herrien autodeterminazio eskubidea da urriaren 1 honetan jokoan dagoena. Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu elkartasunetik eta klase aliantzatik, Kataluniako prozesuaren aurrean konpromisoa hartuz eta honen parte aktibo izanez.

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin dugu gaur, Bilbon, Kataluniaren erreferendumaren aldeko mobilizazioen berri emateko. Irailaren 28an irtengo gara kalera, eta hauek dira hitzorduak:

BILBO. Moyua plazan.11:00
DONOSTIA. Alderdi Eder, 11:00
GASTEIZ. Gobernuko Azpiordezkaritzan. 12:00
IRUÑA. Gobernuko Ordezkaritzan.12:00

Lehenik eta behin, konbentzituta gaude mobilizazioari eta herri aktibazioari esker bakarrik lortu daitekeela urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea. Bigarrenik, ulertzen dugu Kataluniak irekitako bideak beste ate bat ireki dezakeela Espainiar estatuko gainontzeko nazio eta herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte demokratiko eta justuagoa lortzeko.

Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, Kataluniako gizartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.

Horregatik, Espainiako Gobernua komunikabideen, alkateen, Generalitatearen eta oro har Kataluniako herriaren kontra gauzatzen ari den eraso antidemokratikoa irmoki salatzen dugu. Sistema demokratiko batekin baino frankismoaren garaiarekin zerikusi handiagoa duen salbuespen egoera ezarri du PPk, PSOE eta Ciudadanosen laguntzarekin. 

Era berean, deitoratzen ditugu bi jarrera: alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonda ere, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioek PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako. 

Gainera, PPrekin lortutako akordioek, antisozialak izateaz gain, autogobernua mugatzen dute. Euskal gizartean kontrapisu eraginkorrik behar du, bestela propaganda ofizialak bidea irekita dauka Kataluniarekiko ustezko elkartasuna eta PPrekin akordioak aldi berean defendatzeko. Bestela, jarrera tinkoagoa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, demokraziaren aldeko prozesuaren kontrako errepresio bortitza ikusita, inork ezin duelako beste aldera begira egon.

Beraz, agiri hau sinatzen dugunok mobilizatu eta erreferendumaren defentsaren parte aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, betiere, urriaren 1 honetan herri katalanak botoa ematera joateko aukera eduki dezan modu libre eta demokratikoan. Gauzak horrela, Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, irailaren 28an.