LAB-STEILAS-ELA
2018ko martxoa
UPV/EHUn lanaldi partzialean diharduten irakasleak unibertsitatearen
irakasleriaren zati handi bat osatzen dute. Irakasle elkartuak ia 800 dira eta lanaldi
partziala daukaten bitarteko irakasle kontratatuak (BIK) 200 baino gehiago. Hala
ere, irakasle hauen lan-baldintzak txarrak dira eta hobetu behar dira zentzu
batzuetan.
Egoera honi buelta emateko LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak bildu gara
eskaera batzuk adosteko asmoz. Ekimen honetan kokatu behar ditugu urtarrilean
Gasteizen, Donostian, Leioan eta Bilbon kolektibo honen irakasleekin egindako
asanbladak.
Prozesu honen ostean, jarraian aurkezten dizkizuegu negoziaziomahaietara
eramango ditugun eskaerak:
1. Lanaldi osoko kontratuak hobestea eta partzialak murriztea
Irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenaren 16. eta 18. artikuluetan agertzen
diren zehaztapenak oinarri harturik, arduraldi osoko kontratazioak hobestea
azpimarratuko dugu. Hain zuzen ere, lan-hitzarmenean “Sail berean ordezkapenak
egiteko arduraldi partzialeko bi kontratu badaude, eta behar berriak sortzen badira
plantilako lanpostuak betetzen dituzten pertsonak arduraldi partzialean
ordezkatzeko arduraldi osoko kontratuak egingo dira.” jasota dago. Gure ustez,
horrek aukera handiak eskaintzen ditu arduraldi partzialeko kontratazioak gutxitu
eta arduraldi osokoak sortzeko. Ildo horretan aipatutako artikuluen aplikazio
zorrotza eskatuko eta zainduko dugu.
2. Irakasle elkartuak legearen parametroetan soilik kontratatzea
Irakasle eta ikerlarien arloko errektoretzatik bertatik jasotako datuen
arabera, badaude 88 BIK elkartu plazak betetzen. Euskal Unibertsitate Sistemaren
Legearen 23. eta lan-hitzarmenaren 13. artikuluetan jasotzen den moduan,
“irakasle elkartuak zati bateko lanaldirako kontratatzen dira, irakaskuntza
zehatzetan irakaskuntza-zereginak betetzeko ez beste ezertarako, beren lanbidejarduera
unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun
ezagutuko espezialisten artean hautatuta”. Hori dela eta, figura honekin egiten ari
den erabilera okerra aztertu behar da, izaeran nahiz dedikazioan. Ezin da erabili
irakasle elkartu figura lanaldi partzialeko lanpostuak sortzeko edo mantentzeko,
lanaldi osoko lanpostuak baino merkeago direlako. Beraz, azterketa honekin
batera, honako hau proposatuko dugu: irakasle elkartu plaza batean espezialista
bat aurkeztu ez eta BIK baten bidez betetzen bada, gehienez urtebeterako izan
dadila; hau da, ikasturte horretan zehar ez bada espezialistarik aurkitzen,
hurrengoan plaza horrekin zer egin eragile sindikalekin negoziatzea, irizpide
orokorra izanik plaza hori arduraldi osokoa bihurtzea, atxiki figura lehenetsiz.

3. Lanaldi partzialeko kontratuen “mapa” sinplifikatzea
Osakidetzako irakasle elkartuen 3 ordutako (9 kreditu) kontratuak salbu,
lanaldi erdiko baino denbora gutxiagoko kontraturik ez egitea defendatuko dugu,
hau da 4 edo 6 ordutako (12 eta 18 kreditu) kontratuak baino ez genuke onartuko
(ondorioz, ez lirateke egingo 5 orduko -15 kreditu- kontratu gehiago).
4. Lanaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana aitortzea eta soldatan
jasotzea
Arduraldi osoko irakasleei JAPak hainbat ordu aitortzen dizkie oinarrizko
gestioa, formazioa eta eskolak prestatzeko ordu-kopuru gisa; ez, ordea, arduraldi
partzialekoei. Hala ere, nahiz eta ez ordaindu, hiru jardun-mota horiek ere egiten
dituzte eskolak eman ahal izateko (eta hori, aitortu gabe lanaldi partzialeko irakasle
askok egiten duten ikerketa kontuan hartu barik…). Diskriminazio egoera hau
amaitzeko 41/2008 Dekretua aldatu behar da. Baina aldaketa hori negoziatu eta
gauzatu artean ere behin-behineko neurri batzuk hartu beharko lituzke
Unibertsitateak; esate baterako, lan-hitzarmenaren 32.5 artikuluak markatzen duen
bideari ekinez: “(…) arduraldi osoko plaza bati dagokion ordainsariaren %50 esleitu
ahalko zaio astean sei orduko arduraldi bati”, eta 4 orduko lanaldiei proportzionalki
aplikatzeko egin beharreko aldaketak bideratuz.
5. Tutoretzak egun batean metatu ahal izatea eta eskola-ordutegiak ezartzean
malgutasuna
Bi egunetan tutoretza-orduak banatu edo eskolarik gabeko lauhileko batean
egin behar izateak eragin zuzena du irakasle-lanaldia beste lan batekin bateragarri
egiteko orduan. Beraz, lanaldi partzialeko irakasleen kasuan, tutoretza-orduetan
malgutasunez jokatzeko eskatzen dugu, bereziki eskolarik ez dagoenean.
Beste alde batetik, kasu askotan irakasle hauek unibertsitateko lana
bateragarri egin behar dute beste lan batekin; askotan eskola-ordutegiek
bateragarritasun hori ezinezko bihurtzen dute (adibidez, goizeko lehenengo
orduetan eskola batzuk eta arratsaldeko azkenengoetan beste batzuk). Hori dela
eta, ordutegiak ezartzeko orduan bateragarritasuna kontuan hartu ahal izateko
malgutasuna aplikatu behar da.
Edozein kasutan, bai tutoretzei dagokienez baita klaseen banaketei dagokienez,
ikasleen interesak kaltetu barik.
6. Ikerketa sustatzea
UPV/EHUn lanaldi partzialean aritzen diren irakasle batzuk tesia egiten ari
dira. Beste askok, doktoreak izanda ere, ikerketa egin behar dute promozionatzeko
ezinbestekoak diren akreditazioak lortzeko. Hala ere, soldatan beren ikerketa
aitortua ez izateaz gain, ikerketa garatzeko traba batzuekin egiten dute topo.
Zentzu horretan, gaur egun dauden oztopoak eta zailtasunak aztertu behar dira eta
neurri aproposak bultzatu. Lantzeko ekimenen artean honako hauek egongo
lirateke, besteak beste: behin gutxieneko antzinatasuna izanda ikerketa-egonaldiak
egiteko aukerak, bueltan lanpostua mantenduz; EHUko ikerketa-proiektuen
deialdietan parte hartu ahal izatea (behintzat proiektua garatu bitartean kontratua
LAB – STEILAS – ELA
mantenduko dela aurreikusten denean); Euskoikerrekin kontratuak egin ahal
izatea…
Laster gai honen inguruan sindikatuok UPV/EHUko zuzendaritzarekin
izango dugun bileran eskaera hauek plazaratuko ditugu, urte askotan zehar
aipaturiko egoera kaxkarrak pairatu dituzten irakasleen egoerari buelta ematen
hasteko. Edozein kasutan, lanaldi partzialeko irakasleen parte-hartze aktiboa
beharrezkoa da. Beraz, iradokizunik izatekotan jarri kontaktuan gurekin.
Lanaldi partzialeko lan-baldintzak duindu!