Hemen garenok datozen 4 urteetarako STEILASen Nazio Batzorde Iraunkorra osatzeko hautagaiak gara.
Dakizuenez, atzo eta gaur STEILASek bere XI. Kongresua burutzen ari da Gernikako Elai Alai areto honetan.
Kongresu berezia da, leloan irakurri daiteken moduan ikasturte honetan 40.urtemuga ospatzen ari garelako. Bertan, 4900 afiliatu baino gehiagoren izenean 143 ordezkari bildu gara. Ordezkariekin batera Euskal Herriko – ESK, ELA, LAB eta ETXALDE- , Galizia, Kataluña, Aragoi, Asturies ,espainiar estatuko eta UGTSARIO sindikatuetako lagunak gonbidaturik daude.
Kongresua, abenduan hasitako bidearen amaiera da. Abenduan eztabaidagai izan den ponentzia aurkeztu zen eta hilabete hauetan guztietan sindikatuko afiliatuek ponentzia eztabaidatu, zuzenketak egin eta erabakiak hartzeko aukera izan dute. Guztira 150 zuzenketa baino gehiago egin dira. Prozesu honek, tokiko Herrialde Batzarretan eta Kontseilu Nazionalean eztabaidatu ondoren, 50 zuzenketa utzi ditu kongresuko osoko bileran eztabaidatzeko.
Atzo, aurreko Idazkaritza Nazionalak azken lau urteetako kudeaketa txostena aurkeztu zuen. Marko soziopolitikoa eta sindikatuaren jarduera eta izan ziren hizpide. Afiliazioaren bilakaera, ordezkaritza sindikala eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu ziren. Plenoak, txostena  eztabaidatu ondoren, azken 4 urteetako kudeaketa onartu egin zuen.
Gaurko lehengo saioan aurkeztutako Ponentzia izan da eztabaidagai. Ponentziaren lehengo zatian egoera sozio-politikoa aztertzen da eta bertan emergentzia ekologikoa, larrialdi soziala eta neoliberalismoaren logika heteropatriarkala jorratzen dira. Kapitalaren planak ere aipatzen dira, baita gure arlo politikoaren inguruko zertzelada batzuk eman ere.
Bigarrenean , zabalena, politika neoliberalak hezkuntzan duten ondorioa aztertzen da, haur eskoletatik unibertsitatera. Honekin batera kalitatezko Euskal Eskola Publikoaren aldeko gure proposamenak azaldu eta behar dugun eskola eta unibertsitatearen ezaugarriak jorratzen dira. Urteetan aldarrikatzen ari garen Euskal Eskola Publiko euskalduna, hezkidetzagilea, inklusiboa… gure hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela berresten dugu.
Hirugarren zatian, aurrera begira gure lan ildoak eta sindikatuaren egitekoak finkatzen dira.
Kongresuan sindikatuko zuzendaritza organoak ere berrituko ditugu. Idazkaritza Nazionala, Nazio Batzorde Iraunkorra eta Kontseilu Nazionala hautatuko dira. Idazkaritza Nazionala 21 kideek osatzen dute eta ez da aldaketa handirik espero, 4 edo 5 besterik ez.
Agerraldia amaitutakoan ekitaldi nagusia izango dugu eta bertan Euskal herriko alderdi politiko – EHBILDU, AHALDUGU PODEMOS, SORTU, ALTERNATIVA, EA, EZKER BATUA-, sindikatu – CCOO irakaskuntza ; hezkuntza eragileak – EHIGE ,…- eta bestelako jendarte eragileak – EMM, FSI, Etxerat, Kontseilua, pentsionistak martxan, OEE, EHE…- eta bertako sindikatuen eta UGTSARIOaren agurrak entzuteko aukera izango dugu.

Kongresuko informazio gehiago: http://steilas.eus/xi-kongresua/