STEILAS CCOO eta ELA sindikatuen prentsa oharra

Joan den ekainaren 24an STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuen ordezkariok aurreikusi gabeko bilkura bat izan genuen Hezkuntzako Zuzendaria Nagusi Roberto Pérez Elorzarekin, premiazko kontu batzuk argitzeko, bilera formalik ez baita izan azken hilabeteetan. Bilkura horretan, zuzendariak hitzeman zuen Departamentuko webgunean berehala argitaratuko zituztela kontu horiei buruzko berriak, baina orain arte ez dugu deus jakin.

Horrela, aditzera eman zitzaigun 2018-19 ikasturtean 5,5 hilabete edo gehiago lanean aritu diren irakasleek, baldin ekainaren 30ean kontratua indarrean badute, uztailera eta abuztura luzatuko zaiela. Ordea, ikasturtean 5,5 hilabete baino gehiago jardun duten irakasleei kontratu berria eginen zaie, baldin kontratu indardunik ez badute. Beste gai bat: enplegu banaketako baimenak direla-eta, 6 hilabeteko ordezkapena egiten ari diren irakasleak (2019ko otsailetik uztailera). Esan zigutenez, ez dute izanen kontraturik abuztuan, itunean ondoko hau jasoagatik hitzez hitz: “udako hilabeteetara zabalduko zaie kontratua modu automatikoan 2018-19 ikasturtean zehar gutxienez ere bost hilabete eta erdi lan egin duten bitarteko langileei”.

Bestalde, aditzera eman zitzaigun lanpostuen esleipen guztiak, bai irakasle funtzionarioenak bai kontratudunenak, abuztuko bigarren hamabostalditik aurrera eginen direla. Horren arrazoia, diotenez, Departamentuaren baliabideen gabezia da. Aipatu gai horiez gain, beste asko jorratzeko daude. Beraz, premiazkoa da mahai sektorialaren bilera baterako deialdia egitea.