STEILASentzat batasun sindikala langileen eskubideen alde borrokatzeko ezinbesteko tresna da, horren kontziente garen heinean indargune hori zaintzen saiatzen gara.

Hori horrela, kezkagarria iruditzen zaigu LABekin elkarlana sustatzeko bilera bat egin eta lau egun eskasetara sindikatuak argitaratu berri duen egonkortasunaren inguruko irakurketa. Bertan beste sindikatuei leporatzen digu gobernuaren egonkortasun proposamenari babesa ematea. Agertzen diren hainbat datu zuzenak ez diren bezalaxe, hori ere okerra da. STEILASetik berresten dugu ez diogula gobernuaren egonkortasun proposamenari babesik eman, ezta emango ere, beti defendatu izan dugun bezala, gure egonkortasunerako proposamena oposaketak eta kontsolidazio prozesuak baitira.

Beraz, argi dugu gobernuak mahai gainean jarritako proposamenak ez duela langileen egonkortasuna bermatzen eta hasieratik esan dugun bezala zerrendak kudeatzeko tresna bat besterik ez dela. Sindikatu guztien iritzi eta hitzak gureak bezain zilegiak badira ere, gure ustetan proposamen honek miseria ekarriko duela esateak eta STEILASen babesa duela baieztatzeak, elkarlanetik urruntzen gaituen jarrera tamalgarria izateaz gain, langileak aztoratzeko baino ez du balio.

Guk alarma gorriak piztu beharrean proposamenak egiten jarraituko dugu behin behinekotasun tasa jaisteko eta langileen benetako egonkortasuna bermatzeko. Horregatik guztiagatik, gobernuaren agindua, ez dekretua, argitaratzen denean emango ditugun hitzaldi informatiboetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.