COVID19 gaitzaren osasun larrialdiak eragin duen ez-ohiko egoera honen ondorioz Haurreskolak Partzuergoko langilegoak hainbat ondorio izan ditu. Hauen artean nabarmenena, hezitzaile ordezkoak lan gabe gelditu izana da (enpresak ez dituelako ordezkapenak gauzatuko).

Salbuespeneko egoera honen aurrean STEILAS sindikatuak argi du hezitzaile ordezko hauek babes osoa behar duzuela enpresaren aldetik. Beraz, hauek dira Haurreskolak Partzuergoari dagoeneko eskatu dizkiogun neurriak:

Haurreskolak Partzuergoko akordioan jaso zen bezala, ordezkapenak lehen egunetik betetzen jarraitzea Lan Hitzarmenak eta Ordezkoen Araudiak jasotzen dituzten irizpideen arabera egoerak irauten duen bitartean ere.
Zonalde bakoitzean ordezkapenak emateari utzi zitzaionean kontratua zuten langile guztiei salbuespeneko egoerak irauten duen bitarteko puntuazioa aitortzea hurrengo baremazio aldian (salbuespeneko egoeran gauden bitartean kontratuak amaitu arren).
Aparteko puntuazioa zein ordainsaria (dagokiena) jaso ahal izateko ikasturtean beharrezkoak diren 165 lan egunak salbuespeneko egoerak irauten duen bitartean proportzioan egokitzea.

Neurri hauek hartzeak Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile ordezkoen egoera babestea suposatuko luke, zuen egoera prekarioa areagotu ez dadin, ezinbesteko langileak baitzarete.

STEILAS sindikatua langile guztien eskubideak defendatzen tinko izango duzue!