Gaur, 2020ko ekainaren 25ean, Lurralde-Ordezkaritzetan egindako Itunen Batzordean, STEILAS sindikatuak hezkuntza-itun guztiak bertan behera uzteko eskatu du, araubide horri atxikitako ikastetxeen legezkotasuna betetzen dela egiaztatzen ez den bitartean.

Itun-araubidearen mende dauden titulartasun pribatuko zentro guztiek finantzaketa publiko nahikoa dute doakotasuna bermatzeko, bai lehen hezkuntzan, bai bigarren hezkuntzan, publikoaren antzera.

Kasu askotan, ikasleen onarpena ez dator bat ezarritako araubidearekin, eta, beraz, ikastetxe horiek diru publikoa erabiltzen dute proiektu baztertzaileak eta segregatzaileak bultzatzeko. Halaber, 293/1987 Dekretuaren 37. artikuluan esaten da ikastetxeetako praktika konfesional oro borondatezkoa izango dela. Steilasek baieztatu duenez, EAEko itunpeko ikastetxe askotan ere ez da printzipio hori betetzen.

STEILASek zentro horien finantzaketa publikoa bertan behera geratzea eskatzen du, hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretua osorik betetzeko konpromisoa hartzen ez duten bitartean.