2020-2021 ikasturtea ez dugu inoiz ahaztuko. Asko izan dira ikasturtea baldintzatu duten aldagaiak, baina, horien guztien gainetik, Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak hainbat arlotan erakutsi duen profesionaltasun eta interes falta azpimarratu nahi ditugu bereziki.

Urteroko prozedurei dagokienez, gerenteari hamaika aldiz eskatu diogu hainbat gairen inguruan hitz egiteko bilerak deitzeko, baina ez dugu horretarako deialdirik edota informaziorik jaso. Ondorengo gai hauek dira, gure ustez, premiaz landu behar direnak:

  • LALa: leku-aldatze lehiaketa iaz burutu behar zen, baina pandemiaren aitzakiapean ez zen burutu. Aurten ere prozedura ez da aurrera eraman, eta gerentearen partetik ez dugu erabaki horren inguruko azalpenik ezta informaziorik jaso.

  • Esleipenak: urtero burutu izan ditugu esleipenak uztailean. Iaz, berriz, gerenteak aldebakarrez erabaki zuen ez zela lanpostu berririk banatzeko esleipenik gauzatuko. Horren ordez, haurreskolen hasiera baldintzatu zuten hezitzaileen mugimendu desorekatuak banatzeko esleipenak antolatu zituen abuztu bukaeran. Aurten hainbatetan galdetu diogu esleipenik egongo ote den, baina ez digu ezer jakinarazi.

  • Lanpostuen zerrenda: oraindik egin gabe dago.

Ordezkapenenen kasuan, askotan, hezitzaileek guregana jo duzue laguntza eske, zuen haurreskoletan enpresak ordezkapenak bete nahi ez zituelako. STEILAS sindikatuak enpresari ordezkapenak ez betetzearen erabakiaren inguruko azalpenak eskatzean zein horiek betetzeko eskatzean, ordezkapenak zuzenean gauzatzen ditu. Nola ulertu behar dugu hori? Hezitzaileen zein haurreskolen eskubideen gainetik presiopean soilik betetzen al du arautua dagoena? Egoera hori onartezina izateaz gain, lotsagarria da; horrela adierazi diogu enpresari hamaika aldiz.

Negoziaketari dagokioenan ere, darabilten jarrera eskasa salatu behar dugu. Ekainaren 23rako deituta zegoen Mahai Negoziatzailea astebete atzeratu eta gero (azalpenik gabe), bi egunetara beste mezu bat bidali zigun enpresak bigarren bilera hori ere bertan behera gelditzen zela esanez (data berririk proposatu gabe). Gainera, enpresak ez ditu mahaiaren funtzionamendurako ezarritako prozedurak betetzen; ondorioz, lan egiteko aukerak murrizten zaizkigu, ez dizkigulako materialak garaiz bidaltzen. Hori guztia enpresaren arduragabekeriaren beste erakusle bat baino ez da.

Hori guztia gizarteratu eta salatzeko, STEILAS sindikatuak iritzi artikulu bat kaleratu du aste honetan, Haurreskolak Partzuergoko gerentearen gaitasun eza eta Hezkuntza Sailaren zerbitzuarekiko arduragabekeria agerian uzteko: “Haurreskolak: eredu gerentzialetik Hezkuntza Sailean integratzera”.

Horrez gain, atzo, Hezkuntza Sailaren ikasturteko balantzea egiteko prentsaurreko bat eman genuen (Hezkuntza Saila 2020-21: Hezkuntza Sail berria EZ NAHIKOA izan da). Hezkuntza Sail berriaren arduragabekeria sektore guztietan ematen dela garbi utzi genuen.

Hortaz, Hezkuntza Sailak eta Zorione Etxezarragak Haurreskolak Partzuergoarekiko duten jarrera, egiteko erak eta lehentasunak aldatu ezean, ikasturte amaiera eta, batez ere, hurrengoaren hasiera zailak aurreikusten ditugu. Beraz, langile, haur eta familiei zor zaigun errespetuagatik, Haurreskolak Partzuergoarekiko duten jarrera aldatzea exijitzen diegu gerenteari eta Hezkuntza Sailari.