Prentsaurrekoa Deustuko Unibertsitateak Adrian Almazan irakaslea arrazoirik gabe kaleratu duela salatu eta katedra-askatasunaren alde egiteko.

Egunotan ospatzen ari den Glasgow COP 26 gailurrak agerian utzi du bizitzen ari garen krisi klimatikoaren larritasuna. Badira, halaber, garapen eredu kapitalistak sortzen dituen desoreka ekosozial sakonen beste adierazpen asko ere, hala nola pandemiak, biodibertsitatearen suntsipena, materialen eskasia, desberdintasun areagotzea, migrazio ekologikoak edo zaintza-krisiak.

Fenomeno horiek guztiak elkarren artean lotuta daude, eta azterketa, pentsamendu eta ekintza politiko eta sozialerako moduak sakon kritikatzea eta berrikustea eskatzen dute. Horretarako, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak ditugu autonomoak izango diren instituzio eta erakundeak, ikerketa-taldeak eta lan-ildoak, gizarte-eragile eta -problematikei lotuak, enpresa- eta teknologia-talde handien presioetatik aske; izan ere, talde horien interesak modu sotilean infiltratzen ari dira gune haietan ere, eta agenda berde eta digital bat inposatzen ari dira, egungo krisiari benetako irtenbidea ematen ez diona. Agenda hori unibertsitateetan ere nagusitzen ari da, haiek gero eta gehiago merkatuaren eta enpresen erasoen mende baitaude, guztiok ezagutzen ditugun ondorioekin: prestakuntzaren eta ikerketaren disziplinatzea eta lan intelektualaren prekarizazioa.

Horren adibide da Deustuko Unibertsitateak Adrian Almazán irakaslea kaleratu berri izana. Adrian irakasle laguntzaile doktore gisa kontratatu zuen Deustuko Unibertsitateak 2020/21 ikasturtearen hasieran, eta normaltasun osoz jardun du urte osoan Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Etika Aplikatuko Zentroan. Denbora horretan Deustuko Unibertsitateak berak bere ikerketa-lana ebaluazio bikainarekin aintzatetsi duen arren, Unibertsitateak kaleratu egin du, idatzizko arrazoirik aurkeztu gabe, eta erakundean ez sartzearekin edo arduradunen nahietara ez egokitzearekin lotutako justifikazio lausoak ahoz baino ez ditu alegatu.

Hemen gauden sindikatu eta elkarteak, eta Adriani elkartasuna adierazteko manifestuaren sinatzaileek, uste dugu Deustuko Unibertsitatearen erabakiak zerikusi handiagoa duela Adrianen lanaren ikuspegi kritikoaren teknologiarekiko eta kapitalismoarekiko, baita hainbat mugimendu sozial eta ekologistatan duen militantzia aktiboarekin ere, edo presio merkantilei uko egitearekin.

Ildo horretan, uste dugu Adrianen kaleratzeak zuzenean erasotzen diola pentsamendu-, katedra- eta ikerketa-askatasunari, eta kaleratze horrek zentsura ideologikoa dakarrela, unibertsitate-askatasunari larriki eragiten diona. Hau bereziki larria da gaur egun, krisi ekosozialaren aurrean jarrera kritikoak behar ditugunean, kapitalismo industrialaren aukera suizidez bestelako tresnak emango dizkigutenak.

Era berean, Adrián Almazán irakasleari elkartasuna adierazi nahi diogu, eta unibertsitatearen pribatizazio gero eta handiagoak unibertsitateko irakasleen lan-baldintza gero eta prekarizatuagoetan izango dituen ondorioei buruz ohartarazi. Baita gure kezka azaldu ere, gizartearekin konprometitutako prestakuntza eta ikerketa aske, kritiko eta arduratsuak garatzeko aukeren inguruan ere, interes komertzial, ideologiko edo erlijiosoetara makurtu gabe.

Non: STEILASen egoitzan, Bilbon (Jose Maria Eskuza 1, 1. esk. 48013 Bilbao)

Ordua: 11:00

Bertan egon dira:

Adrian Almazan

Iñaki Barcena (Ekologistak Martxan)

Julen Rekondo (Ingurumeneko Sari Nazionala (bideoa bidaliko du)

Steilas (Susana Andino)

LAB (Arantza Gutierrez)

Esk (Txejo Ortega)

Andoni Louzao (Gune Ekosozialista)