STEILASen esku artean dugun informazioaren arabera, eta interinitatea murrizteko bidean den legedia behin-behinekoa dela jakinik, hau da egun datozen oposizioen inguruan dakiguna:

Legediaren aldaketen helburua, TJUEk hartutako erabakiaren ildoari jarraituz, 2024. urterako behin-behinekotasuna gutxienez %8 jaistea da. Hori horrela, 2022-2024an deituko diren hautaketa-prozesuetan 3 modalitate ezberdin egongo dira.

Betiko oposizio-lehiaketa eredua: gaur egungoa, 276/2007 Errege Dekretuak arautzen duena. Zati bat lehiaketa fasea da eta bestea oposizio fasea. Eredu honen bidez birjartze-tasaren lanpostuak eskainiko dira.

Oposizio-lehiaketa “biguna”: lehiaketa faseak gutxienez %40ren balioa izango du eta dirudienez oposizio fasea ez-baztertzailea izan daiteke. Espainiatik 276/2007 Errege Dekretua moldatu behar dute fase hau egin ahal izateko, jasoko diren aldaketak 2022ko ekaina baino lehen idatziko dituzte. Fase honen bidez 2020ko abenduaren aurretik hiru urtez dotazio ekonomikoa izan zuten lanpostuak eskainiko dira.

Lehiaketa fasea: lehiaketa fasea izango da soilik, azterketarik gabe. Ikustear dago zer nolako eskumena duten erkidegoek baremo eta eskakizunetan. Espainiako ministerioak 2022ko ekainerako emango du lehiaketa fase honen arauen berri. Jakinarazi zaigunez, lehiaketa fasea amaitz
ean praktikaldia egin beharko da, eta lekualdatzea egin, beste edozein EPEtan bezala. Fase honen bidez 2016tik aurrera “
egiturazko” bihurtu diren lanpostuak eskainiko dira.

Beraz, 2022ko maisu-maistren EPEan, ez dira aurrez pentsatutako lanpostuak eskainiko, aurreikusitakoak baino gutxiago izango dira. Orain arte lanpostu mota guztiak (birjartze-tasarenak eta bestelakoak) EPE berean metatu dituzte; baina honetan, berriz, lanpostuen izaeraren arabera hautaketa prozesu ezberdinetan kokatuko dira.

Edonola ere, edozein pertsona, dagokion titulazioa izanez gero, aurkez daiteke aipatutako hautaketa ereduetara.

STEILASetik salatu nahi dugu lehiaketa fase hau salbuespenezko prozedura izango dela eta kontsolidazio faseek sarbiderako ohiko prozedura izan beharko luketela, beti eskatu dugun bezala. Horretaz gain, egun bideratuko diren hiru prozesu horiek langileak egoera eta erabaki-hartze zailetan kokatzen dituzten kontziente izanik, Hezkuntza Sailari ezinegonak ekiditeko informazio argia ematea eta neurriak hartzea eskatzen diogu.