Gaur negoziazio bilera izan dugu. Bertan, amaierara iristear dagoen OPE 16/17ko 23 prozesu horietatik eratorriko diren lan-poltsen inguruko akordio bat genuen mahai gainean. Izan ere, oposaketa prozesuaren ostean lan-poltsa horietako partaide diren pertsonen hurrenkera zehaztea tokatzen da. Betiere, jakina, ditugun akordio eta hitzarmena bera errespetatuz. Horiek horrela, jakina da Minimoen Akordioaren IV.c puntuan lan-poltsen berrordenaketa hori arautzen dela hain juxtu. Alabaina, jasotzen den hurrenkeran adierazten den 4. multzoak, badirudi alde batetik, 2010eko Lan-poltsen Akordioarekin (Minimoena sinatu zenean indarrean zegoen akordioa), eta bestetik, lan-kontratudunen hitzarmeneko 18. artikuluko II. eta III. puntuekin gatazka-puntua
sortzen duela. Bada, horiei irtenbidea emateko helburua zuen gaurko akordioak xede.

Garrantzitsua ikusten dugu lan-poltsa hauen hurrenkerari berria lehenbailehen zehaztea, horixe baita hainbat zerbitzutan dagoen pertsonal faltari konponbidea emateko bidea eta eskertzekoa da pertsonal alorrean egin duten lana. Egiari zor baina, gaurko bileran landu behar genuen akordio hori ez dugu beharrezkoa ikusten, planteatu diren irizpideak egokiak izan daitezkeen arren, akordio horrek arestian aipaturiko akordio eta hitzarmenen interpretazioa jasotzen zuen eta horrenbestez ez dugu hori sinatzeko beharra ikusi. Gainera, bigarren puntu gisa azaltzen zen zehaztapenak ere ez gintuen guztiz asetzen, aurreko asteko bileran STEILASek planteatu zuen egoera bati erantzuna ematen bazion ere eta funtzionarioen alorreko OPEaren ondoren erabili zen berbera izan, egiten zen eta jasotzen zen interpretazioa optimoena etzela uste dugu. Zehazki, gaur egun lan-poltsetako partaide diren horiek jasota dituzten akotazio, zehaztapen eta behin-betiko baztertzeak daudenetan mantentzea edota lan-poltsetako “preferentzia” hori aukeratu egin beharko zuten langileek.

Horrenbestez, hasteko aipatu dugun moduan lan-poltsen hurrenkera berriarekin aurrera egiteko akordioaren beharrik ikusten ez dugulako, akordioan jasotako guztiak asebetetzen ez gintuelako eta gainera, langileen alde egiteko modurik egokiena batasun sindikala bilatu eta aurkitzea dela uste dugulako; STEILASek ez du gaurko akordioa sinatu. Hala ere baina, lan-poltsa horien beharra azpimarratu dugu eta akordiorik gabe ere, afera honekin ahalik eta lasterren aurrera egitea espero dugu eta lan-poltsa berri horiek publiko egitea. Bide batez, jakin zerrenda horiek argitara ematen direnean hurrenkeraren inguruan zuzenketak eskatzeko epea irekiko dela.