OMEk SARS-CoV-2k eragindako pandemia deklaratu eta bi urtera, kutsatze-bolada berri batean murgilduta eta Iñigo Urkullu lehendakariak osasun-larrialdi berria adierazita, zerbitzu publikoak gaindituta daude. Osakidetzako langileak bereziki, baina baita Hezkuntzakoak ere, lur jota daude; gainezka eta nahastuta.

Harriduraz ikusi dugu nola bi urteotan zerbitzu publiko horiek desegin dituzten, apurka-apurka. Osakidetzak 4.000 profesional inguru baztertu zituen urrian, adibidez; edo lehendik egoera kaskarrean zegoen Lehen Mailako Arreta itotzea erabaki zuen ere, “premia berezirik ez duten” kontsultei ez zaiela erantzungo iragarriz.

Zoritxarrez, guretzat murrizketa-politika horiek ez dira berriak. Zerbitzu publikoak 2008ko krisiaren ondoren hasi ziren desegiten. Desegite horrek langileen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du, eta eragin oso kaltegarria du herritarrei ematen zaien arretan.

Osakidetzan, egiturazko plantilla duela lau urteko bera da, bitartekotasun- eta txandakatze-ehunekoak izugarriak dira. Plantillen gutxiespen horren ondorioz, gure ospitaleratze-unitateetako asko gutxienekoen azpitik lan egiten ari dira. ESIak sortu zirenetik, Lehen Mailako Arreta gutxietsi eta gutxietsi egin da desinbertsio baten bidez, 2017an jada salatu zen bezala. Hori zela eta, Lehen Mailako Arreta Arnasberritzen plataformak, hainbat eragile sindikalekin batera, hainbat mobilizazio eta greba deitu zituen 2019an.

Hezkuntza Publikoan berdin-berdin gertatzen da; behar baino langile gutxiago, ikasle/irakasle ratioak neurriz kanpo, langileen etengabeko txandakatzea, interinitate-tasa itzela… Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarraren ondorioak pairatzen ari gara: ordezkatu gabeko bajak, adibidez; jardunean dauden irakasleengan horrek dakarren gainkargarekin.

Hala eta guztiz ere, eta politiken erabakien erruz, gure lehen mailako arreta ZIUn dago. Lehen mailako arretak berehala behar du inbertsio gehiago, bitarteko gehiago eta langile gehiago, osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatzeko. Aurrekontua % 14tik % 25era handitu behar du, Europako estandarrekin parekatzeko, eta sustapen- eta prebentzio-printzipioak bete ahal izateko eta osasun-arreta eskuratzeko desberdintasunak saihesteko.

Zer egin dute gure arduradun politikoek? Hondamendiaren kapitalismoa kudeatu. Murrizketa eta desinbertsio-politikei eustea erabaki dute, eta horren erakusgarri da 2022ko EAEko Aurrekontuen Legea. Ez dute langileen hornidura handitu nahi izan pertsonen arteko desberdintasunen aurka borrokatzeko hain garrantzitsuak diren bi arlo hauetan, hala nola Osasunean eta Hezkuntza Publikoan. Eta hori puntualki egin dutenean, modu asistentzialean izan da, inolako hezkuntza-planteamendurik gabe, profesionalei paradigma berri horri modu positiboan aurre egiteko tresnarik eman gabe, eta euren lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik gabe.

Horregatik guztiagatik, ESK-k eta STEILASek norabide aldaketa eskatzen dugu EAJk, bere bazkide PSErekin batera, gure zerbitzu publikoetan aurrera daramatzan murrizketa sistematiko eta sistemikoen politiketan. Ezinbestekoa da Osasuneko eta Hezkuntza Publikoko inbertsioak handitzea. Lehen Arretan batez ere ezinbestekoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak izan ditzaten, beren eginkizuna bete ahal izateko eta herri honetako herritarrek merezi duten arreta eman ahal izateko.

Zerbitzu publiko horietako langileok ez dugu ez esker onik ez propagandarik behar. Errekonozimendurik onena lan-baldintzen bidez egiten da, horietan inbertituz, Osasun Sailak eta Hezkuntza Publikoak sarritan jasaten duten estigma saihestuz eta politika pribatizatzaileen aurrean lehenetsiz.
Euskal Herrian, 2022ko urtarrilaren 18an.