Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldetik Gasteizko Udaleko Herritarren Babeserako Batzordeari Gasteizko Udaltzaingoaren identifikazio arrazistei buruzko salaketa bat helarazi nahi diogu. Halaber sumatu nahi dugu identifikatu ondoren Polizia Nazionalaren, hau da, Atzerritarrentzako Zerbitzuaren esku uzten dituztela atxilotuak.

Jakin dugunez, azken hilabeteetan -Batzordean zehaztuko dugu- Gasteizko Udaltzaingoak hainbat entrega egin dizkio Atzerritarrentzako Zerbitzuari, eta kasu gehienetan ez dute inolako deliturik egin, baizik eta larruazalaren kolorean oinarritutako identifikazioak dira.

Ez da Gasteizko Udaltzaingoaren ohiko jardunbide hori salatzen dugun lehen aldia, bai hainbat komunikabidetan, bai iazko apirilean egindako osoko bilkuran, non Armentia jaunak, udal-erantzukizuna duenak, ukatu egin zigun udaltzainen aldetik praktika hori egiazkoa zenik, gezurtiak ginela esanez.

Izan ere, Poliziaren Legean eta Udaleko Lanpostuen Zerrendan jasotako eginkizunetan ez da azalaren kolorearen araberako identifikazio-funtziorik jasotzen; aitzitik, identifikazio horiek arrazoitu egin behar dira, lege horrek 27 G artikuluan planteatzen duen bezala. Artikulu horrek berariaz dio:
“Prebentzio-eginbideak egitea eta delitu-egintzak saihestea helburu duten jarduketa guztiak egitea”.

Kasu batzuetan, posible izango litzateke pertsonak identifikatzea, baina ez koloreagatik, baizik eta delitu-ekintzaren baten parte hartzearen susmoagatik.

Hori dela eta, gure ustez, udaltzainek gainditu egiten dituzte dagozkien eginkizunak. Ez dakigu, ordea, udal arduradunek idatzitako edo idatzi gabeko agindurik ematen duten, zerbitzutik bertatik emandako agindurik badagoen edo zerbitzuko kide jakin batzuen ekimena den.

Gure plataformatik gaitz hau behingoz amaitzea nahi dugu, eta praktika horrekin amaitzeko neurri egokiak hartzeko eskatzen diogu batzorde honi. Zehazki, ESKATZEN DUGU:

– Udal-arduradunek Herritarren Segurtasunerako Sailari direktiba edo agindu bat ematea, sail horrek Udaltzaingoaren arduradunei eta kideei helaraziko diena, atzerritarren identifikazio arrazista eta entrega gehiago egin ez dezaten.

– Udaleko arduradunek jarraipen zehatza egin dezatela, jokabide horrek jarraitzen duen ala ez
aztertzeko.

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a