Otsailaren 17an, Pobrezia Energetikoaren aurkako egunean, “Sakeoari Ez, Derecho a La Energía izendatu dugun dinamika aurkeztu dugu, inguruetako hainbat kolektibo ekologista, sindikatu, auzo elkarte, etxebizitza sindikatu eta gazte eragilerekin. Ekimen honen helburu nagusia azken hilabeteotan bizi dugun argindarraren prezioaren igoera salatzea da.

Aukeraturiko lekua eta data ez dira ausazkoak, izan ere, azkenengo urteko prezioaren egoerak milaka eta milaka pertsona pobrezia energetikora bultzatu ditu, EAEren kasuan 10 etxebizitzetatik 1 dago pobrezia energetiko egoeran. 70.000 etxebizitza baino gehiago.

Eta bitartean, Iberdrolak, beste elektrika batzuen gisara, etekinak pilatu zituen, 2020an esaterako 3611 milioi eurotako irabaziak deklaratu zituzten. Horregatik aukeratu dugu prentsaurrekorako leku hau, elektriken irabaziak eta pobrezia energetikoa txanponaren bi aldeak direlako, bata barik ezin baitugu bestea ulertu.

Pobrezia energetikoa larria den arren, geroz eta bortitzagoa den sistema kapitalista suntsitzaile honek, jendartearen egiturazko pobretzea eragiten du, izan ere, argindarraren prezioarekin batera, besteak beste, elikagaien edo alokairuen prezioa ere igo dira eta geroz eta zailago bilakatzen da askorentzat duintasunez bizitzea. Guzti honek prekarietate larri batera kondentzen gaitu asko eta asko.

Ekimen honen bidez, urgentziazko neurri hauek eskatzen ditugu:

  • Argindar-mozketak benetan gelditu daitezen eta argindarraren fakturari aurre egin ezin dioten pertsonen zorpetzea gelditzeko neurriak hartu ditzaten.
  • Bide beretik ezinbestekoa da elektrien aberastasunari muga jartzea, besteak beste nahi dituzten prezioak jar ditzaten oztopatuz.

Dinamika honen baitan, ekimen garrantzitsuena martxoaren 26ko arratsaldean Bilboko kaleetan zehar egingo dugun manifestazioa izango da eta bien artean datozen asteetan zehaztuko ditugun dinamika desberdinak izango ditugu.

Bukatzeko, dinamikaren helburuekin bat egiten duten taldeei hona batzeko deia egiten diegu.

 

Ekologistak Martxan