Azken bi urteotan, krisi sanitarioak bete-betean baldintzatu du gure bizitza, bai arlo pertsonalean bai lanekoan. Laneko osasunaren arloan, erdigunea COVIDaren larrialdia izan da, baina, horren ondorioz, funtsezko beste gai batzuk ere ezkutuan gelditu dira.

Lehenik eta behin, ezin dugu ahaztu pandemiako azken bi urte hauetan etengabe salatu dugula prebentzio neurri eraginkorrik ez zegoela ia COVID19aren aurka sektore askotan, eta, bereziki, eremu sozio sanitarioan. Administrazio publikoek eta enpresek erakutsi digute lehentasuna ez zela langile soziosanitarioen eta erabiltzaileen bizitza eta osasuna babestea.

Hezkuntza arloan lan gainkarga ere jasan da gure betebeharrekin bat ez zetozen lan eta eratzukizunekin gainkarga hain zuzen ere. Horrek guztiak estres handiko egoerak sortu ditu; izan ere, hezkuntza komunitatearen inplikazioari esker, administrazioaren utzikeriagatik sortutako arazoei erantzun ahal izan zaie.

Jasan ditugun olatu pandemikoek itzalean utzi dituzte langileen segurtasuna eta osasuna. Arlo horretako diagnostikoa oso garbia da; 2020an 78 langile hil ziren lan istripuetan Euskal Herrian (900 baino gehiago 2008tik). Argiak dira ere heriotza horien arrazoiak: prekaritatea, oinarrizko prebentzio neurri eza, eta beti etekina lehenestea osasunaren eta segurtasunaren aurrean.

Gaixotasun profesionalak oraindik ere ezkutuan daude, prebentzio zerbitzuek, mutuek eta administrazioak berak sekulako zabarkeriaz heltzen baitiote gaiari (Osalan, NOPLOI eta abar). Zer gehiago esan daiteke, COVID-19a eremu soziosanitarioan gaixotasun profesional gisa aitortzea ere ez bada baketsua izan. Amiantoarekin kontaktuan egoteak eragindako gaixotasunek 17 pertsona hil zituzten 2021an, eta icebergaren tontorra besterik ez da hori.

Arrisku psikosozialak oraindik ere itzal-itzalean daude mutuentzat eta prebentzio zerbitzuentzat. Lan erritmo gehiegizkoak, enpresa kultura toxikoak, aginte oldarkorrak, gehiegizko zereginak eta funtzioak… Arrisku horiek gogorren emakumeek jasaten dituzte, gizonek baino gehiago sufritzen baitute “presentzia bikoitza”, beren lanaldi bikoitzetan pilatzen diren zainketa lanen etengabeko kezka.

Oraindik ere ez dira neurtzen, aztertzen edo konpontzen arrisku psikosozialei lotutako gaixotasun psikologikoak eta psikiatrikoak. Estresa, antsietatea, depresioa eta, azken buruan, suizidioak, oraindik ere ezkutatu egiten dituzte mutuek eta prebentzio zerbitzuek eta, ondorioz, lan gaixotasunak izango ez balira bezala tratatzen dira, eta, beraz, enpresen eratzukizuna estali egiten da.

Bi urtez baino apur bat gehiagoz bai gure bizitzaren arlo pertsonala, bai soziala eta, hein handi batean, lanekoa baldintzatu duen pandemia bati aurre egiteaz gain, tamalez laneko istripuak eta gaixotasunak jasaten jarraitu dugu eta, are gehiago, ugaritu egin dira.

Langileon segurtasunaren eta osasunaren inguruko kezkarik eza ikusita, ESK-k eta STEILASek garbi dugu zein neurri irmo ezarri behar diren berehala:

· Mutuak eta prebentzio zerbitzuak publifikatzea. Organismo hauen lehentasunak bizitza eta osasuna babestea direla bermatzeko modu bakarra baita.
· Baliabide eta ahalmen gehiago ematea Osalani eta NOPLOIri. Organismo horien xedapenek eta txostenek nahitaez betetzekoak izan beharko lukete, eta ez gomendio hutsak.
· Nabarmen handitzea egun Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak dituen baliabideak, egiaz kontrola ahal izan dezaten lan guneetan prebentzio neurriak betetzen direla.

Gure bizitzek haien etekinek baino gehiago balio dute!