2022 honetan ere, Azaroaren 25 borroka eguna izango da STEILAS sindikatuarentzat. Aurtengo leloa ” Inertzia matxistak etengo ditugu” izango da, izan ere borroka hau oraindik ez da amaitu eta egunerokoan landu beharreko gaia da.

Asmo horrekin, formakuntza-saioa jaso dugu gaurkoan Donostian, “Sare sozialak: begirada zigortzaile batetik, aukera feministetara” izenburupean, Eihera kolektiboko Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretaren eskutik.

Egun ezagunak eta erabilienak diren sare sozialak aztertu ditugu, bakoitzak dituen forma, funtzio eta indarkeria formak ezagutuz. Helburua, plataforma bakoitza ezagutzeaz gain, horien erabilpenaz hausnartzea izan da. Nola erabili sare sozialak ikuspegi feministatik? Nola hurbildu ikasle/gazteetara? Horrez gain, gaur egungo kontzeptu berriak offline eta online alderatu ditugu. Horretarako, azalpen teorikoak eta dinamika praktikoak uztartu ditu saioak.