BEKEN BATZORDEA

Irailaren 27an beken batzordea bildu zen. Iraileko lehen hamabostaldian jasotako aldaketak eta ezeztapenak aztertu ziren. Datu horiekin, berriz kalkulatzen ari dira beken ehunekoak aldaketek eragin izan duten ikastetxeetan. Datorren astean, hitzarmena sinatu genuen sindikatuok eta patronalek zerrenda berriak sinatu eta zigilatuko ditugu. Beka eskatu baduzu eta dagokizun portzentaiari buruzko zalantzarik baduzu, jar zaitez harremanetan STEILASekin urriaren 13tik aurrera.

BIRKOKAPEN BATZORDEA

Beste urte batez, aurreko ikasturtearen amaieran, ikasgelak edo ikastetxeak ixteagatik lanpostua galdu duten gizarte-ekimeneko ikastetxeetako langileak birkokatzeko prozesua jarri zen abian. Irailaren 29an, Birkokatze Batzordea bildu zen, aurtengo udako prozesua baloratzeko. Aurten poltsan sartu diren pertsonen % 80k aukera izan dute kontratu mugagabe batekin sektoreko beste ikastetxe batean lan egiteko. Lehendik poltsan zeuden pertsona batzuk ere birkokatu ahal izan dira.

STEILASek oso positibotzat jo du birkokatze-prozesua, eta eskerrak eman nahi dizkie ordezkariei ikastetxeko batzordeetan parte hartzeagatik; izan ere, batzorde horiek jakinarazten diote Birkokapen Batzordeari zer lanpostu huts erabiltzen diren birkokatzeko.

Bileran STEILASek Birkokapen Batzordeak Hezkuntza Sailarekin bilera bat eska zezala proposatu zuen, Administrazioarekin akordio berri bat lortzeko eta ikastetxeek jasotzen dituzten diru-laguntzei legezko babesa eta gardentasuna emateko, hain zuzen ere. Hezkuntza Sailak ez zuen 2021eko abuztuaren 31ra arte indarrean zegoen akordioa luzatu, egingo zuela ziurtatu zigun arren. Urtebete igaro da, Hezkuntza Sailak ez du akordio-proposamenik egin, eta STEILASek argi dauka ikasturte honetarako diru-laguntzen aginduak ez duela berme nahikorik ematen. Kristau Eskolak eta AICEk ez zuten gure proposamena onartu, baina akordio berri bat exijitzen jarraituko dugu.

Akordiorekin edo akordiorik gabe, gogoratu behar da ikasgelak ixteagatik lanpostua galtzen duten gizarte-ekimeneko ikastetxeetako langileek birkokatzeko eskubidea dutela, indarrean dagoen hitzarmenaren 76. artikuluak hala jasotzen baitu.

HITZARMENA NEGOZIATZEKO MAHAIA

Joan den irailaren 13ko Gizarte Ekimeneko hitzarmen berriaren negoziazio-mahaian urrian eta azaroan hiru Negoziazio Mahai gehiago egiteko egutegia adostu genuen, eta patronalek kontraproposamena hirugarren bileran aurkezteko konpromisoa hartu zuten.

Atzo, urriak 4, hiru bilera horietatik lehena izan genuen, eta STEILASek berriro mahai gainean jarri zituen hitzarmen berrirako bere aldarrikapenak, 1.,2. eta 3. tituluetan. Gainerako sindikatuek ere bereak azaldu zituzten, eta patronalek, nahiz eta ekainetik ezagutu, entzun eta gai gehienetan beren kontraproposamena hirugarren bileran aurkezteko konpromisoa berretsi zuten.

Hurrengo bileran dinamika horrekin jarraituko dugu. Hirugarrenean, Kristau Eskolak eta AICEk negoziazioa eta posizionamenduak hurbiltzea ahalbidetuko duen proposamen batekin etorri behar dute. Orain arte, iragarri dugun bezala “ez negoziazio” fasean jarraitzen dugu, prozesua luzatzeko estrategia patronalean.