Atzo, hilak 1, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea bildu zen. Bertan, “Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak 2023-24 ikasturtea” dokumentuaren lehenengo lanketa egin zen. Sindikatuok ekarpenak egiteko aukera izango badugu ere, Zuzendaritza Batzordeak ahalmen guztia du aldebakarrez erabaki eta azken hitza inposatzeko, inolako negoziaziorik gabe.

Enpresak planteatutako proposamena arduratzeko modukoa da, haurren matrikulazioa baldintzatzeko neurriz beteta baitago, eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna ameskeria hutsean bihurtzen du. Familiei fidantza bat kobratuko zaie, ikasturtean zehar haurraren bertaratze maila gutxienez %65era iristen bada bueltatuko dena. Neurri horrekin batera, haurreskolek familiei eskaini ahal izango dizkieten ordutegiak hirura mugatu nahi dituzte (sarrera-irteera malguekin tarte bakoitzean):

      1. Goizeko ordutegia: 08:00etatik 14:00etara (6 ordu).

      2. Egun osoko ordutegia: 08:00etatik 16:00etara (8 ordu).

      3. Arratsaldeko ordutegia: 14:00etatik 19:00etara (5 ordu).

Edozein haurreskola 14:00etatik aurrera irekita egoteko gutxienez 3 familiek eskatu beharko dute ordutegi luzea edo arratsaldekoa izatea baina, azken ordutegi hori, hiriburu bakoitzeko haurreskola bakarrean probatu nahi dute, froga gisa. Horretaz gain, baldin eta gurasoak jaiotza baimenaz edo haurra zaintzeagatik eszedentzia disfrutatzen ari badira eta arrazoi horrengatik laguntza ekonomikoa jasotzen badute, haurra ez da haurreskolan onartua izango.


STEILASek agerian utzi nahi du enpresak eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu diguten proposamen horren atzean dagoen asmoa ez dela inondik inora zerbitzua indartzea edota doakoa bihurtzea, baizik eta doakotasunaren ondorioz aurreikusi daitekeen haurren matrikulazio gorakada ahalik eta gehien mugatzea baliabide berdinak erabili ahal izateko.

Sarbide eta erabilera baldintzez eta traba burokratikoz beteriko zerbitzu batean bihurtu nahi gaituzte. Gainera, matrikulazio prozesuan zehar bete beharreko eskakizun mailak eta baldintzek familia eta haur zaurgarrienak kanpoan uzteaz gain, familia askok eta askok 0-3 zikloa eskaintzen duten titulartasun pribatuko zentroetan bukatuko dute.

Ezinbestean, beraz, galdetu behar dugu: zer gertatuko da diru publikoa jasotzen duten eta aurrerantzean ere Haurreskolak Partzuergotik kanporatuak izango diren haur eta familiak jasoko dituzten zentro pribatu horietan? Zeintzuk izango dira diru publikoa jasotzeagatik zehaztu beharko dituzten mugak beraien zerbitzuan? Zeintzuk izango dira bete beharko dituzten kontrolak? Ala, diru publikoa barra-barra jasotzeaz gain nahi dutena egin ahal izango dute hemendik aurrera ere? Zoritxarrez, proposamena ikusita, Haurreskolak Partzuergoa geroz eta fiskalizatuago eta baldintzatuago egoteaz gain pribatuek geroz eta askatasun gehiago izango dutela baieztatzera apostu egitera ausartzen gara. Horrela izango balitz, oso larria izango litzateke Administrazio Publikoaren partetik jarrera horiek mantentzea.

Horrez gain, bileran landu den beste gai bat lanpostuen zerrenda izan da (LZ). Matrikulazioaren bilakaeran oinarritutako proposamena izan da, bestelako irizpiderik kontuan hartu gabe, eta hori ez da onargarria. Besteak beste, haurreskolen izaera anitza, 60 urte baino gehiago dituzten hezitzaileen murrizketak, prestakuntza eta koordinaziorako denbora eta jaiotze tasak izan behar dira kontuan. Aurkeztu diguten LZren arabera beraien asmoa 58 haurreskola hezitzaile bakarrarekin uztea dela kontuan hartuta, haurreskola guztietan bikote hezitzailea bermatzeko garrantzia azpimarratu diegu.

Enpresak, horren aurrean, aukera desberdinak mahai gaineratu ditu inongo lanketarik gabe; adibidez, hezitzaileak zonalde edota lurralde desberdinetara atxikitzea (horrek hezitzailea haurreskola batetik bestera desplazatu behar izatea eragingo luke, beharren arabera). Enpresak beste proposamen bat bidaliko omen digu, baina oraindik sakonki landu eta negoziatu gabe dagoen berebiziko garrantzia duen gai bat izanda, presazkoa da epeak arintzea ikasturte honetan LZ horretan oinarrituko den Leku Aldatze Lehiaketa aurrera eraman ahal izateko (eta, gero, finkapen prozesuko plazen banaketa).

Era berean, Meritu Lehiaketa bitartez finkatuko diren langileen alegazio epea herenegun bukatu zen. Hauek izan dira deialdi bakoitzean jaso diren eskari kopurua:

DEIALDIA

ESKAERAK

A. KUDEAKETA EKONOMIKOKO ARDURADUNA

7

A. GIZA BALIABIDEEN ARDURADUNA

4

A. ARRISKU PREBENTZIO ETA PLANIFIKAZIO ARDURADUNA

2

B. ARKITEKTO/A TEKNIKOA

3

B. PRESTAKUNTZA ETA HEZKUNTZA LAGUNTZAKO TEKNIKARIA

13

B. KUDEAKETAKO TEKNIKARIA

30

C. ADMINISTRARIAK

56

C. ARRISKUEN PREBENTZIORAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

1

HAUR-HEZITZAILEAK

859


Finkapen prozesua 2023ko irailaren 1erako bukatuta izan nahi badute ere, horrela izango denik ezin dutela bermatu aipatu dute. Hemendik aurrerako epeei buruz ez digute ezer jakinarazi.

Bukatzeko, gai hauek landu dira:

. 2023ko soldata igoera: Madrildik datorren aginduak jasotzen duen %2,5eko igoera aplikatuko zaigu. Gure mahaian bestelako igoerarik negoziatzea ukatu egiten zaigu.

. Errelebo kontratua: Mahai Orokorrean adostutako araudia aplikatuko digute. Haurreskolak Partzuergoko zaharberritze planaren negoziazioa berrabiaraztea eskatu dugu, baina enpresak ez entzunarena egin du.

. Sententzia irmoen bidez finkatu behar diren 28 langileetatik 4 atzo finkatu ziren. Gainontzekoei buruz ez dugu inongo berririk.

Gauzak horrela, esan dezakegu ikasturte bukaera potoloa dugula aurretik. Enpresaren asmoen nondik norakoak gertutik zaintzen, horien berri ematen eta eskubideak borrokatzen jarraituko dugu.