Joan den martxoaren 6an, grebaren iragarpenarekin batera, deialdia egin dugun sindikatuok negoziazio-bilera baterako eskaera egin genion Hezkuntza Departamentuari. Ez genuen erantzunik jaso.

Aste bat geroago bigarren deialdi bat egin genuen, eta egun batzuen buruan, bilera bat eduki genuen, joan den ostiralean. Bertan, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria bera falta zirela nabarmendu nahi dugu. Departamentuko ordezkarien jarrera edozein negoziazioren aurkakoa izan zen.

Sindikatuon eskaeren aurrean, ratioen jaitsiera lineala, lan-gainkarga murriztea, plantilaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea, Departamentuak ez zuen proposamenik
ekarri. Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren aurrean dagoen jarrera itxia; ulertezina,
azken hilabete hauetan administrazioko beste talde batzuekin lan-baldintzak eta soldata-igoera negoziatu direnean. Hezkuntza publikoak ez al du inbertsio gehiago merezi?

Bestalde, astebetean 40 irakasle talde batzartu dira aldarrikapen horiek eztabaidatzeko, eta osotara 100 asanblada baino gehiago egitea aurreikusten da. Irakasleak erreibindikazio horiekin guztiz bat datozela egiaztatzen ari gara, klaustro askok bere atxikimendua eman baitute.

Hezkuntza Departamentuaren jarrera arduragabea ikusirik, dei egiten diogu MarĂ­a Chivite lehendakariari sindikatu deitzaileekin zuzenean negoziatzeko, berak, zenbait adierazpenetan, elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu eta ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartu baitu.

Sindkatu deitzaileok prest gaude egiazki negoziatzeko. Nolanahi ere, ez dugu amore emango hezkuntza-kalitatea mantendu eta hobetzeko ezinbestekoak diren gutxieneko aldarrikapen hauetan. Hori gertatu arte, aurrera jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazio guztiekin, eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileak deitzen ditugu batu daitezen.