Gizarte Ekimeneko STEILAS, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok partekatu dugu Lan Hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako mahai gainean jartzen.

Beraz, patronalen inmobilismoaren aurrean, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dugu:

  • Aurreneko mobilizazioa martxoaren 23an izango da. Elkarretaratzea egingo dugu Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean, goizeko 11:00etan.
  • Bigarrena, apirilaren 25ean egingo dugu, egun horretarako greba deitu baitugu.

Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu jadanik. Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkigute.

Hori horrela, sindikatuok mobilizazioetara joko dugu. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu.

Gizarte Ekimeneko aurreko lan hitzarmenaren aldeko prozesuan sektore honetako langileek argi erakutsi zuten beraien mobilizazio gaitasuna. Sindikatuok, beraz, Lan Hitzarmen berriaren alde mobilizatzera eta borrokatzera deitzen ditugu.

Aldarrikapenak banan-banan irakurtzeko, STEILAS, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok osatutako prentsa oharra duzue hemen.