2023-2024 ikasturteko izen emate arauak onartu ditu Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak. Poza sentitu dugu gure eskari nagusienetako bat araudian onartu dutela ikustean, familiek fidantzarik ordaindu behar izango ez dutelako. Hortaz, azken asteetan STEILASek egindako lanak, mobilizazioak eta ekarpenek garrantzitsuak eta positiboak diren aldaketak eragin dituzte araudian.

Fidantza desagertzeak, hala ere, txanponaren beste aldean aldaketa eragin du: haurrek %80ko bertaratzea bete beharko dute haurreskolan jarraitu ahal izateko. Asistentzia hori gurasoentzako berariaz sortutako aplikazio baten eta Hezkuntza Sailaren Ikuskaritza Zerbitzuaren bitartez kontrolatuko da.

Bestalde, hiru ordutegiak mantentzen dira. Egun osoko ordutegian egon ahal izateko baldintzak malgutu dituzte: hiru familiek eskaera egitearekin nahikoa izango da haurreskola 14:00etatik 16:00etara irekita egoteko. Baina atzo jasotako dokumentuan guztiz argi geratzen ez den esaldi batekin aurkitu ginen: egun osoko eta arratsaldeko ordutegiak erabiltzeko familia batzuek lehentasuna izango dutela aipatzen da, inongo azalpen gehiagorik eman gabe. Horrek zehazki zer esan nahi duen azaldu beharko dute orain.

Gainontzeko baldintzetan, oso aldaketa gutxi jaso dituzte araudian. Gure ustetan, ordutegiak mugatzaileak dira eta izena emateko baldintza baztertzaileak mantendu dituzte. Horren adibidea gurasotasun baimena disfrutatzen ari diren familiek ezingo dutela haurra matrikulatu izango da.

Araudi honek izango dituen ondorioak zeintzuk izango diren oraindik ikusteko dago, egoera berrira egokitu beharko dugulako bai familiak eta baita langileok ere; adi egongo gara.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu azken hilabete honetan zuen partetik jaso dugun babesagatik eta interesagatik. Uste dugu enpresaren proposamenen aurrean kolektibo bezala hausnartzeko beharra nahitaezkoa dela argi geratu dela.

STEILAS sindikatuan Euskal Eskola Publikoan integratuko den Haurreskolak Partzuergoko doako, publiko eta unibertsal baten alde borrokan jarraituko dugu.