Martxoaren 21ean ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok prentsaurreko bat eman genuen. Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu genuen, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.

Hori dela eta, mobilizazioetara jotzeko erabakia egin genuen publiko. Martxoaren 23an elkarretaratzea egin genuen Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta egun osoko greba daude deituta apirilaren 25erako.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Prentsaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu genien. Bertan, negoziaketarako sindikatuon borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu genien. Gaur gaurkoz ez dugu patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.

Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, apirilaren 25ean, datorren asteartean, grebaren beharrean berretsi gara sindikatuak. Sindikatuok sektoreko langileak greba jarraitzera eta egun horretarako Bilbon antolatuko dugun manifestazioan parte hartzera deitu ditugu gaurkoan. Manifestazioa goizeko 11.00etan Jesusen bihotzetik aterako da eta Arriaga plazan amaituko da.