STEILASetik salatu nahi dugu LAB eta Interinoak taldeak Hezkuntza Sailarekin sinatu ez duten “sasiakordioa” eszenifikazio hutsa dela. Hezkuntza lege proiektu berriari babes soziala emateko tresna baino ez da, hau da, bake soziala eta alde sindikalaren onespena irudikatzeko modu bat, besterik ez.

Nabarmena da zuriketa ariketa dela, sinadurarik gabeko akordio horretan ez baitago zehaztasunik. Bertan aipatzen diren hainbat gako lortu ahal izateko neurri ugari eta zehatzak hartu beharko lirateke; jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean plantilak mantenduko direla jasotzea, esaterako, konpromisoa baino arinkeriaz jokatzea dela dirudi. Hori gutxi balitz, sailak une honetan kontrako norantzan doazen neurriak hartzen ari da, horren adibide garbia da konplexutasun handiko ikastetxeei baliabideak murriztu izana. Esperientziak esaten digu sail honen asmoak haizeak eramaten dituela, orain arte murrizketak baino ez baititu aplikatu hezkuntzan, eta horiek behin eta berriz salatu behar izan ditugu.

Edonola, bi sindikatu hauek, gutxiengoan, mahai negoziatzaileetan jorratu beharreko ibilbide-orria ezarri eta mugatu dute. Beraz, berriro ere salatu nahi dugu sektore guztietako negoziaketa baldintzatuko dela publikoa, pribatua eta azpikontratazioa nahastu, sektore bakoitzeko ordezkaritzak errespetatu ez eta zilegitasunik ez duen bilera batean.

Hala, negoziaketa errealerako diseinatu duten gai zerrenda edo akordio horretan pisuzko eduki ugari falta dira; izan erretiroa, lan zamak arintzeko neurriak, eros ahalmena, lanpostuak bermatzeko neurriak… Hori gutxi balitz, esan beharra dago publifikazio prozesu bati ekin ezean, pribatuko langileen lan-baldintzak patronalek ezartzen dituztela. Eusko Jaurlaritzak, hortaz, gutxi du esateko horrekiko.

Guzti honegatik, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu antzezpenak egiteari utzi diezaion eta araudiak ezartzen duena errespetatu dezan. Hau da, sektorez-sektore mahai negoziatzaileen erritmo, gai orden eta ordezkaritza mailak errespetatu ditzan, horiek baitira gure negoziaketarako zilegitasuna duten esparruak.