Hezkuntza Sailak ahoa inklusioa bezalako hitzez betetzen badu ere, jakin badakigu hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak baliabide nahikorik gabe edota hauek gabe uzten dituela maiz, inklusioa, hezkuntzarako eskubidea eta aukera berdintasuna urratuz.

Hainbatetan salatu dugu ikasleei baliabideak esleitzeko irizpideak ez direla egokiak; beti gutxiengoan zehazten direla eta ez direla errealitatera egokitzen. Honen adibide argiak ditugu heziketa bereziko hezitzaileen gehiegizko lan-zama, lanaldi erdiko lanpostu kopuru altua edo ikasle gorrei heziketa-zikloetako praktikaldirako baliabiderik ez esleitzea, beste askoren artean.

Oraingoan, garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasle bat lanbide heziketara igaro eta behar duen laguntzarik gabe utzi du Hezkuntza Sailak, hezitzailea jardunaldi erdian esleituz, autonomia garatu ahal izatearen aitzakiapean. Bai familiak eta baita eskolak berak ere saiakera ugari egin dituzte esleitu zaion laguntza handitzeko, baina erantzuna argia da; esleitu zaiona egokia omen da.

Onartezina da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek pairatzen duten bereizkeria. Benetako inklusioa, ikasleen hezkuntza eskubidea eta eskubide berdintasuna bermatu nahi baditugu, ezinbestekoa da baliabideak esleitzeko irizpideak birmoldatzea eta beharrezkoak diren baliabideak esleitzea hezkuntza maila guztietan; lanbide heziketa barne.

STEILAStik gogor salatzen dugu hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekiko bazterkeria, baliabideen kudeaketa ganoragabea eta ikastetxeei zein familiei ematen zaien erantzun eza.