Udako oporrak bukatu zaizkigu, ikasturte berria hasi da eta STEILASen borrokan jarraituko dugu.


Lehenengo eta behin, mila zorion finkatu zareten lankide guztioi, eta animo asko kontratu egonkorrak galdu dituzuenoi. Indarrak jarriko ditugu langileen egonkortasuna bultzatzen jarraitzeko eta zerbitzu publiko indartsu bat sortzeko. Langile guztiok behar beharrezkoak gara. Kudeaketa langileen kasuan, oraindik meritu lehiaketa ez da bukatu eta ahalik eta arinen prozesua bukatzea espero dugu.


Langile guztiok udan egonkortze prozesuarekin erne, lanpetuta eta kezkatuta egon gara. Aurreikusten genuen
bezala, irailaren 1erako prozesua oraindik ez dago bukatuta eta hezitzaileak falta dira haurreskoletan, horrek dakartzan ondorioekin ikasturte hasieran. Tamalez, azken urteotan, arrazoi bategatik edota beste bategatik hori ohikoa bihurtzen ari da Haurreskolak Partzuergoan. Ez dago eskubiderik! Ezinbestean Haurreskolak Partzuergoak behar beste hezitzaile bidali behar ditu haurreskola guztietara!

Esan beharra daukagu baita, behingoz, Legebiltzarraren aginduz, Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna ezarri dela, gizartearen, langileen eta sindikatuen presioari esker. Baina doakotasunaren truke, Haurreskolak Partzuergoak, Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin hainbat eta hainbat murrizketa ezarri ditu haurreskoletan familien kalterako. Horien aurkako jarrera garbia da familiek prentsan argitaratutako artikuluekin, egindako erreklamazioekin eta iaz STEILASek egindako aldarrikapenekin. Ikasturte honetako erronken artean ere badaukagu iazko araudiko murrizketak bertan behera uztea, Haurreskolak Partzuergoko ordutegiak ondoan dauden eskola publikoetako ordutegiekin bateratzea, zerbitzu unibertsala eman behar da salbuespenik gabe, haur guztiak onartuz. Hau guztia gauzatzeko Hezitzaileen eta kudeaketa langileen lanpostuak handitu behar dira, nahitaez.


Iazko ikasturtean enpresak, beste lehentasun batzuk zituen mahai gainean, baina bada garaia egiteke ditugun erronka zaharrei aurre egiteko; Lan hitzarmenaren negoziazioa, hezitzaileon ordezkoen araudiaren negoziazioa, Ordezkagunearen sorrera, kudeaketa langileen ordezkoen araudiaren eta barne promozioen sorrera. Hauek guztiak kajoi baten gordeta izan ditu enpresak eta berriro berrartzea ezinbestekoa da langileon lan baldintzak hobetzen jarraitzeko. Ez dugu ahaztu behar ere eros ahalmenean izan dugun galera azken urteotan eta baita mugimendu feministak deitua duen greba ere azaroak 30an. Aurten ere kaleak hartzea tokatuko zaigu arrazoi batengatik edota besteagatik.

Bukatzeko esan, kontziente garela datorren ikasturte honetan lan asko daukagula egiteko baina gogotsu gatozela. Langileen ondoan egongo gara. Edozein zalantza badakizue non aurkitu ahal gaituzuen.

Ikasturte berri on!

STEILAS

Euskal Herrian, 2023ko irailaren 4ean