EHUko irakasle eta ikertzaileon greba arrakastatsua izan da. Grebara deituta zeuden irakasle eta ikertzaileek masiboki sostengatu dute greba.

EHUko campus guztietan grebak oso jarraipen zabala izan du. Zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu dira. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina aktibitate akademikoa oso eskasa izan da, EHUko zuzendaritza grebaren jarraipena gutxiesten saiatu bada ere, oso partzialak dira batere errealak ez diren zifretan oinarrituta. EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademiko batera deitu zuen urriaren 11rako. izan ere, EHUko langileok pairatzen ditugun arazo, prekarizazio eta lan-baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikaslerian ere, ordezko irakasleekin sortutako egoerak kasu. Hain zuzen, irakaskuntzaren kalitatea nabarmen kaltetua geratzen da.

Irakasleen bajak eta baimenak 800 eurotan kontratatutako lanaldi partzialeko irakasleen bidez betetzea grebara deitzeko piztaileaizan da, baina ez eragile bakarra. Azken urteetan, eremu askotan, EHUko irakasle-ikertzaileei baldintzen okertzea pairatu dugu: lan-zama handitzea, aldi baterako irakasle-ikertzaileei ikerketa-seiurtekoak ukatzea, lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza-bosturtekoak ukatzea, plantillaren ezegonkortasun handia, ikertzaileen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera, burokrazia handitzea… Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunetik ezarri ditu, langileak ordezkatzen dituzten sindikatuekin negoziatzeari muzin eginez.

Horri gehitu behar zaizkio atzetik zetozen egoerak, non Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria daukan: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantendu, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren %0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta USLO legeak berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Hori dela eta, campusak gelditzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzen aurrean kontzentratu gara.

EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko irakasle-ikertzaileok argi utzi diogu EHUko zuzendaritzari noerabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela. Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghai ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari argi esan diogu unibertsitate publikoa ahultzen saiatzean aurrean izango gaituela, eta EHUrako nahiko baliabide bideratu behar dituela, baita bere langileen soldatak duindu.

Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta non langileen lan-baldintzak duinak diren. Eta horretarako, gaurko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileok datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitzen ditugu EHUko langile guztiak.