Lan hitzarmen berria adostea ahalbideratuko duten edukiak eskatu ditugu urriaren 10ean Bilbon egindako manifestazio jendetsuan. Edukirik izan ezean, urriaren 17,18 eta 19rako eta abenduak 11 eta 15 bitarte 8 greba egun egingo ditugu.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok deituta, manifestazioa egin dugu gaur Gizarte Ekimeneko langileek Bilboko kaleetan. Ehundaka langile bertaratu dira.

Apirilak 25eko greba egunaren ostean, patronalek beraien immobilismoan errotuta jarraitzen dutela salatu dugu sindikatuok. Bost hilabete igaro dira greba egun hartatik eta sindikatuok ez dugu euren berririk izan.

Hori horrela, eta ikasturte amaieran adierazi genuen bezala, sindikatuok greba eta mobilizazio dinamika indartzea beste aukerarik ez dugu izan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek edukizko proposamenak mahai gainean jar ditzaten.

Ikasturte berriarekin batera Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat helarazi diegu; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Gaurko manifestazioa adostutako mobilizazio dinamikan lehena izan da. Patronalek Lan Hitzarmena negoziatzeko edukirik mahai gainean jartzen ez badute jada erregistratuta dauden zortzi greba egunekin aurrera egingo dugu sindikatuok. Izan ere, datozen urriak 17,18 eta 19rako zein abenduak 11 eta 15 bitarte dituzte grebak deituta.

Azkenengo negoziazio mahaia 2023ko Otsailaren 2koa izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira.

Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.