LAB, ELA, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuok greba feminista erregistratu dugu aste honetan Nafarroa eta EAEn. Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroaren 30eko greba orokorrarekin bat egiten dugu.

Zaintza oinarrizko behar unibertsala da eta, egun, zaintza etxe barruan dago kokatua. Gero eta merkantilizatuagoa, feminizatuagoa eta arrazializatuagoa dago. Zaintza lanetan dabiltzan langileak, gehienetan emakumeak eta migratzaileak dira, azken hauek maiz atzerritartasun legeak zeharkatzen ditu eta euren egoera prekarizatzen du. Lan aukera askorik ez daukatenez, legeak bertan geratzera behartzen ditu, haien ahotsak isilaraziz.

Gaur egun, sistemak duen zaintza plana ezkutukoa da eta hein handian baliogabea ere bai, genero, klase eta arraza arrakala garbia duena.

Gizarte sistemak plan bat behar du zaintzak bermatuta egon daitezen eta zaintzaileen bizi-baldintzak duinak izan daitezen, horregatik da guztiz premiazkoa gaia agenda politikoan egotea. Zaintza sistema publiko bat behar dugu, bitarteko ezberdinak erabiliz garatu beharko dena; publikoa izateak zaintzarako eskubidea bermatuko duelako. Honetarako unibertsala eta bideragarria izan behar du, merkantilizatu gabea. Horretaz gain, edozein politikatan era transbertsalean egon behar duen gaia da. Izan ere, zaintza zerbitzu eta estruktura konkretu eta garatuez gain, sistemaren antolaketak zuzenean eragiten baitio zaintza antolakuntzari.

Krisi honi aurrez aurre heltzeko Bizitzak Erdigunean mugimenduak ekimen ezberdinak abiatu ditu: 2021ean egindako oinarrizko txostenetik abiatuta Herri Akordio baten garapena, erakundeei eskaera zehatzak eta apelazio zuzena egin dizkie. Horren mugarri eta aldarri, azaroak 30ean deialdi garrantzitsu bat dago: greba feminista orokorra. Mugimendu feministak lideratuta gizarte osora iritsi nahi dugu benetan urgentea den gai honen garrantziaz jabetzeko eta estratu guztietatik pauso sendoak emateko.