Ohituta gaude gobernuek erabaki-organoa Madrilen, Iruñean edo Gasteizen dutela ikustera. Baita udal eta aldundietan gastu publikoa handitu ezin dutela edota gero eta zaharkituagoa dagoen sektore publikoko plantillak berriztu ezin dituztela entzutera ere. Antza, ezin dute lan-hobekuntzarik egin, batez ere lanaldi eta soldatei dagokienez.

Estatuaren aurrekontu orokorren mende dago dena, dena… ez! (abesti ospetsu batek dioen bezala). Izan ere. badira kontrol horretatik libre dauden proiektu faraonikoak, denak ere klientelismoak, gainkostuek eta ustelkeriak markatuta.

Dirua egon, badago. Europako “Next Generation” funts pozoituak (erdia interes handiko mailegua), Iberdrola edo Petronor bezalako enpresa handietara bideratzen dora. Dirua badago lagunen artean banatzeko ere; De Miguel, Tellería, Otxandiano, Bravo, Elorriaga, Margüello, Erezuma, Zulueta edo Errenteria abizena dutenen artean, alegia. Dirua egon, badago diru publikoa 1 Formulako Epsilon Euskadi taldean edota Hiriko izeneko auto elektrikoan xahutzeko, baita Balenziaga museoan eta Supersur autobidean ere, eta nola ez, koroaren bitxian: abiadura handiko trena (martxan jarri nahi dutenerako zaharkituta geratuko dena, diru publikoko milaka milioi euro gastatu ondoren).

Hezkuntza-itunetarako ere 816 milioi euro daude, baina Euskal Eskola Publikoak benetako arazoak ditu kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Bada dirurik ere unibertsitate-zentro pribatuentzako; Basque Culinary Center edo Euneiz. UPV-EHUko hainbat campusetako paretak, aldiz, erori egiten dira. Tolosako Asuncion klinika pribaturako dirua dago, baina ez Tolosaldeko ospitale publikorako. Osakidetzako garbiketa eta garraiorako kontratatzen diren enpresa emakidadunen diru-kutxak betetzeko dirua dago, baina ez dago halakorik azpikontratatutako langileen lan-baldintzak hobetzeko. Are gehiago, dirua dago Ambulancias La Pau bezalako enpresek 100.000 euro baino gehiago ordain ditzaten laneko segurtasun eta osasunaren arloko hainbat arau hautsi ostean, eta zerbitzua kudeatzen jarrai dezaten.

Hala ere, zerbitzu publikoak eta enplegatu publikoen lan-baldintzak hobetzeko dirurik ez dagoela esan digute, baina ESK eta STEILAS sindikatuok badakigu gezurra dela, eta erabaki eta borondate politikoen kontua baino ez dela.


Birjartze-tasak gainditu egin dira gobernuek eta alderdi politikoek hala erabaki dutenean. EAJk hala negoziatu zuen Estatuko 2014ko eta 2017ko Aurrekontu Orokorretan Ertzaintzarentzat, baina ez gainerako zerbitzu publikoentzat, argi eta garbi erakutsi baitu zer lehentasun duten zerbitzu publikoen defentsan.

Horrek gauza bi erakusten ditu. Batetik, 2010etik aplikatzen ari diren austeritate-politiken gainetik hobekuntzak lor daitezkeela, eta diru publikoaren banaketa gobernuak zuzentzen eta Estatuko edo EAEko administrazioetako aurrekontu orokorrak negoziatzen dituztenen jarrera ideologikoen mende dagoela. Erretiro-primak, soldata-hobekuntza duinak edo beharrezko enplegu publiko guztia sortu eta egonkortu nahi izanez gero, egin daiteke. Borondate politikoa baino ez da behar.

Bada garaia mugitzeko, zerbitzu publikoetako langile guztientzako lan-hobekuntzak lortzeko eta gobernuak kalitatezko zerbitzu publikoetan inbertitzera behartzeko, euskal herritar guztien eskubideak bermatzen baitituzte.

Horretarako, urriaren 25ean eta abenduaren 19an greba egingo dugu.

Ez dezatela gure dirua alferrik zahutu, eta inbertitu dezatela lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko!

Greba egiteko unea da!