Mugimendu Feministak ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuekin batera hurrengo azaroaren 30ean “Zaintza eskubide kolektiboaren alde” Greba Orokor feminista deitu du. Izan ere, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; pertsona guztiek, bizitza osoan zehar, zaintza eskaini eta jasotzeko dugun eskubidea aitortua izan dadin.

Baina gaur egun zaintza etxe barruan kokatua dago batez ere, gure sistemak duen zaintza-plana ezkutukoa da; eta ondorioz, hein handi batean aitortzarik edota baliorik gabekoa. Gero eta merkantilizatuagoa, pribatizatuagoa eta feminizatuagoa eta arrazializatuagoa dago, emakumeok baikara zaintza lanak asumitzen ditugunak nagusiki eta etxeko-langileak dira zaintzaile guztien artean esplotaziorik handiena sufritzen dutenak. Izan ere, zaintza-lanak egiten dituztenen %80a emakumeak dira, eta baztertutako kolektiboek egiten dituzte gehienbat lan horiek (paperik gabe, babes juridiko eta ekonomikorik gabe…). Zaintza eskubide unibertsala izan arren, negozio esparru bihurtu da.

Horren aurrean greba honetan hainbat eta hainbat dira egiten diren zaintza lanen aitortzaren, kudeaketa publikoaren alde eta zaintzaileen eskubideen nahiz lan-baldintzen alde egiten diren aldarrikapenak.

Zuen ikastetxe, institutu, hezkuntza-zentro edo haur eskolan gaiaren inguruko lanketa zabalagoa egin nahi izatekotan, zuen eskura uzten dugu STEILAS sindikatuaren Idazkaritza Feministak urteetan zehar egindako unitate didaktikoetara jotzeko lotura, baita azaroaren 30eko greba feminista antolatzeko Mugimendu Feministak berak sortu duen Webgunearen lotura ere.

https://steilas.eus/arloak/emakume-idazkaritza/

https://denonbizitzakerdigunean.eus/

ZATOZ A30EKO GREBA FEMINISTA OROKORRERA!!!

Zaintza eskubide kolektiboaren alde.