Gaur, abenduak 2, 2023-2024 ikasturteko lehenengo Kontseilu Nationala ospatu dugu Gasteizko Salburua Gizarte Etxean. Goizeko 10:00etan emango diogu hasiera, sindikatuko organoak berrestuz eta urria eta azaroan egindako mobilizazio eta greben gaineko balorazioa eginez.

Ondoren, hausnarketa gune bat ireki dugu gure sindikatuarentzat erdigunekoa den gai baten inguruan. Hala, “Publikotasuna: Euskal Eskola Publiko Bakarrerantz” izeneko hitzaldi eta mahai-ingurua eskaini dugu. Izan ere, STEILASen askotan hitz egiten dugu publifikazio progresibo baten inguruan, baina jakin badakigu erpin asko dituen prozesua litzatekeela. Publifikaziorantz joateko hainbat irizpide idatzi ditugun arren, galdera, zalantza eta inkognitak argitzeko aproposa ikusi dugu, beraz, gaurko Kontseilu Nazionalean gai honen gainean eztabaidatzea.

Horretarako, lehenik eta behin ditugun erreferenteei begiratu diegu; 93ko publifikazioari eta Katalunian emandakoari. Gure sindikatuan garai horiek bizi izan zituzten liberatu adituak aritu dira honen inguruan: Belen Arrondo, Manolo Martinez eta Arantza Fernandez de Garaialde. Ondoren, Javi Kerexazuk hartu du hitza, Kataluniako ereduak dituen hainbat gako azaltzeko. Amaitzeko, Nagore Iturrioz etorkizunera begira jarri eta egingarriak diren ideiak eman dizkigu, propositiboak izate aldera.

Hitzaldi eta mahai-inguruarekin bukatuta, elkarretaratzea egin dugu, “Benetako Negoziazioa Orain” lelopean.