Patronalek bilerak deitu dituzte, baina proposamenik ez dute aurreratu sindikatuok aldez aurretik eskatu arren. Hiru urte dira hitzarmena iraungita dagoela. Guztira, hamalau bilera egin ditugu sindikatuok aurrerapausorik gabe.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileok bederatzi greba egun egin ditugu jada, eta beste hamar greba egun gehiago ditugu deituta sektorean ordezkaritza duten ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok: urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.

Bada, greba dinamikak behartuta, bilerak deitu dituzte mahai negoziatzailean ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Lehena urtarrilaren 10erako, asteazkenerako.

Sindikatuok hitzarmena berritzeko akordioa lortu nahi dugu, ikastetxeetako langileen baldintzekin lotuta baitago ikasleei eskaintzen zaien hezkuntza kalitatea. Horregatik, orain arte bezala, bilerara joango garela baieztatu diegu patronalei, eta eskatu diegu aldez aurretik helaraz dezatela aurkeztuko duten proposamena, edukiak aztertu eta negoziaketan ahalik eta gehien aurreratzeko. Izan ere, ez dugu onartuko edukirik gabeko proposamenik, are gutxiago desmobilizazioa sustatzea helburua bada.

EAEko Gizarte Ekimeneko hitzarmenak hiru urte daramatza iraungita, eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek proposamenik eta edukirik gabeko bilerak deitu dituzte; bai grebak hasi aurreko hamahiru bileretan, bai greben bitartean, azaroaren 27rako deitutakoan.

Hori horrela, sindikatuok fede oneko negoziaketa eta proposamenak lehenbailehen egiteko eskaera egin diegu patronalei. Eusko Jaurlaritzari, bestetik, beharrezkoa izanez gero, gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diogu.

Edukirik mahaigaineratu ezean, urtarrilareko eta otsailerako deitutako greba egunekin aurrera egin beste biderik ez dugu izango. Era berean, ikastetxeetan sinadura bilketa bat abian jarriko dugula iragarri dugu sindikatuok, hitzarmena berritzea posible egingo duten edukiak aurkeztearen alde.

Hain zuzen ere, aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.