STEILAS sindikatua bai hezkuntza gaineko akordio politikoari bai EAErako Hezkuntza lege berriari hainbat ekarpen egin dizkio. Aukera eman zaigun foroetan gure ekarpenak egin ditugu, modu publikoan baita modu pribatuan ere tarteka izan ditugun aldebikoetan bai gobernuko kideekin bai eragin genezakeen alderdietako kideekin.

Iturria: Eusko Legebiltzarra

STEILASen beti pentsatu izan dugu legeak gizarte guztiaren hoberako izan beharko luketela, bereziki hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan, zeinetan giza eskubideekin bat egitea eta bermatzea bilatzen den, ahalik eta etorkizuneko gizarte kohesionatuago, justuago eta aukera berdintasunean oinarritutako bizitza aukerak izango dituen jendarte aurrerakoi eta askea eraikitzeko. Horregatik, eta gure sindikatua irakaskuntza publikoan indar bozkatuena izateak ematen digun ardurarengatik, ekin genion ekarpenak egiteari orain arteko prozesu guztian. Entzunak izan garen arren, eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izateko, sistemak bizi duen merkantilizazioak eta pribatizazioak eragiten duen eskola segregazioari aurre egiteko, gure hizkuntza den euskara indartzeko, sistema publiko laikoa bermatzeko, gizarte patriarkalak eragin duen genero arrakalari aurre eginez hezkidetzan sakontzeko… egindako ekarpenak oinarrian ez dira kontuan hartu, txikikeriaren batean izan ez bada.

STEILASen ustez EAErako onartuko den Hezkuntza legea eraikitzean ausardia politiko gabezia egon da, bazterrak ez nahastea, sare pribatuko hezkuntza patronalak eta bertako zerbitzuaren erabiltzaileak ez haserrearaztea bilatu da. Interes partikularrei aurre egin gabe, hezkuntza sistemaren egitura bera aldatuko duen publifikazio-prozesu bat bultzatu gabe, edozein neurri zuzentzailek berez ezin du eraginkorra izan hezkuntza-sistema dual batean. Hori ulertu ezean, ikasleek pairatzen duten arrakala soziala eta aukera desberdintasuna betikotzen jarraituko da eta euskal jendartearentzako ondorio lazgarriak ekarriko ditu.

Horrela, proiektuak hitz politez eta asmo onez betetako hitzaurrea eta justifikazioa badauka ere, benetan erdiguneko gaiak zehazgabetasunez beteta daude ondorengo prozesuetan egongo den gobernuak bere kabuz aginduen bidez arautzeko.

Enpresa munduaren eta sektore pribatuen logika sartu nahi da bete-betean sektore publikoan eta orain hezkuntzan. Hezkuntza lege-proiektu honek hartu duen norabidearen kontra gaude, denona eta denontzat den hezkuntza sistema publikoa hobetzeko aukera paregabea galtzen ari delakoan gaude:

– Hezkuntza lege-proiektua PRIBATIZATZAILEA da. Orain arteko hezkuntza sistema duala betikotzen du eta ituntze sistema unibertsalean sakontzen du.

Izan ere, titulartasun pribatuko ikastetxeek urteetan aldarrikatutako legezko aitortza jasoko dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren asmakizunaren bitartez. Ikusten dugu azken dokumentuan gobernuaren beraren aholkularitza juridikoaren kontra kontzeptua mantentzen dela eta hizki larriz agertzen dela, 11 aldiz baino ez, kontzeptuak etorkizunean izango dituen ondorioen beldur gara. Dagoeneko ZZEEetan ateratzen diren zuzendarien plazetan publikoko eta pribatuko langileen lan esperientzia berdintzen hasi dira, zer izango da hurrengoa langile guztien lan esperientzia berdin zenbatzea sarbidetik haratago?

Zalantzarik ez dugu pribatizazioari atea irekitzera etorri dela, baita honen pean argitaratu diren dekretuak ere, esate baterako, hainbeste goraipatu den onarpen dekretua zeinetan 11.252 matrikuletatik soilik 255 bideratu dira nahi ez zuten ikastetxeren batera. Benetan horrek gizartearen berrantolaketa orekatu bat bermatuko eta segregazioarekin amaituko duela sinetsi behar dugu? Ezezkoan gaude, ordea, hori eginez ituntze unibertsalarekin jarraituko da, behar diren baldintzak bete edo ez.

– Hezkuntza lege-proiektuak zentro guztien arteko LEHIA sustatzen du langile eta ikasleen kaltetan. Hezkuntza zerbitzu publikoa eskubide berdinez itundutako eta sare publikoko ikastetxeek emango dute hemendik aurrera jaiotza tasaren jaitsieraren testuinguruan, baita familien eskubidea hezkuntza planifikazioaren gainetik egoten jarraituz ere. Horrela, hezkuntza proiektu lehiakorrena duten ikastetxeek izango dute abantailarik handiena, garbi dago merkatu logikak mugak baino bultzada bat jasoko duela lege honekin. Legeak gainera, lehiakortasun horretan sakonduko duten kontratu programak txertatu ditu, azken dokumentuan 26 aldiz aipatzen direnak.

– Hezkuntza lege-proiektuak EZ DU ESKOLA SEGREGAZIOAREKIN amaituko. Egia da azken urteotako borroka sozialari esker Hezkuntza Sailak eta lege berriak lehendabizikoz eskola segregazioa badagoela aitortzen dutela, baina segregazioa sortu duten hezkuntza politikak oinarritik aldatu beharrean, itunpeko ikastetxe pribatuen gehiegizko pisua nahiz titulartasunak ematen dien pribilegio egoera mugatu beharrean eta ikastetxe pribatuetako gaineskaintza mugatu beharrean besteak beste, neurri lausoak proposatzen dira ausardia falta ikaragarria dagoelako. Badakigu hezkuntza sistema guztiz publifikatuz bakarrik ez zaiola aurre egingo eskola segregazioari, horrekin batera neurri gehiago beharko bailirateke, baina publifikazioaren bideari ekin ezean, zalantzarik gabe jai dugu. Hezkuntza sistema publiko eta euskalduna baita giza kohesioa eta aukera berdintasuna berma dezakeen bakarra. Legea ez dago sortuta eskola-segregazioa desagerrarazteko. Aurpegi zuriketa bat da, ikasle zaurgarriengan jarri da fokoa bakarrik eta haiek leku batetik bestera igarotzean, pobrezia-adierazleak mapa fisiko batean sakabanatuta egon daitezen.

– Hezkuntza lege-proiektua BERRIKUNTZAKERIAN eta DIGITALIZAZIOKERIAN jausten da. Hezkuntzan irakaskuntza prozesuak eta metodologiak berritzeko eta hobetzeko formazioak langileon eguneroko lanaren parte dira. Ebaluazioa sistematikoa da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta horren bitartez jasotzen dugun informazioaren arabera arreta non jarri eta ikastetxeak behar dituen hobekuntza planak egiten ditugu, baita zer formazioetan sakontzea komeni zaigun erabaki ere. Baina lege-proiektu honetan ikaslea erdigunean jarriko duten eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hobekuntzak ekarriko dituzten berrikuntzak sumatu baino, ikastetxeko KALITATE PROZESUEKIN bat egiten duten MARKAK lortzera doazen BERRIKUNTZA PLANAK ikusten ditugu, ikastetxeen lehiakortasuna helburu dutenak hain zuzen ere. Ikastetxeen proiektuen hobekuntza berrikuntzaren menpe jartzen du, horretarako asmatutako KONTRATU-PROGRAMETAN oinarrituz. Horiek baliabideak esleitzeko oso modu injustua direla deritzogu, ikastetxe guztiek behar baitituzte bai baliabide materialak bai giza baliabideak ere, gehien behar duenari ezer bueltan espero gabe gehiago emanez. Gure ustez, ikastetxe guztiek euren marka propio erakargarriak lortzeko lehian sakontzea ekarriko dute.

Irakasleok eta hezkuntza langileok ikaslea erdigunean jartzeko eta ikaskuntza prozesu egokiak aurrera eraman ahal izateko lasaitasuna, denbora, konfiantza, malgutasuna eta askatasun gehiago behar ditugu, ez prozesu horiek behar bezala betetzen direla ziurtatzeko kontrola eta presioa. Beraz, baliabideak lortzeko presioa eta betebeharra izango da erdigunean jarriko dena, azken batean kontratu-programen eta auditoritzen kontu eskea gainditzea eta horretarako burokrazia nahiz alferrikako lanak ugaritzea.

– Hezkuntza lege-proiektu honek Itunpeko ikastetxe pribatuen kontrola, baldintzak eta betebeharrak beteko diren mekanismo berririk ez du jasotzen, egun araututa eta betetzen ez direnak berridatzi besterik ez da egiten. Ez dago titulartasunak ematen dizkien berariazko ahalmenak kontrolatzeko modurik. Nahikoa izango dute diru kontuak gardenki kudeatzearekin, autofinantzaziorako eskubidea ez baitzaie mugatuko. Ezta eskola-ordu gaineskaintza egiteko ahalmena ere. Ikusteko dago matrikulazio epean orain arte ohikoak izan diren irregulartasunak ekiditeko mekanismoak martxan jartzeko gaitasuna duen legeak, baita lehiakortasuna mugatzeko eta sistema orekatua lortzeko gaineskaintza mugatzeko mekanismoak ezarriko dituen ere. Helburua Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte diren ikastetxeen artean konpetentzia desleiala egotea ekiditea izan beharko luke, eta hori errazten duten mekanismo guztiak saihestea.

– Hezkuntza lege-proiektuan ez da DOAKOTASUN erreala bermatuko, funtsezko eskola zerbitzua doakoa izanda ere, kuota gehigarriak (eta gaur egun gehigarriak ez direnak ere) kobratu ahal izango baitira orain arte bezala: eskola materiala, uniformeak, ordaintzekoak diren jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak, jantoki zerbitzuak, azpiegiturak… Eta jakina da horiek familien aukeren ezberdintasunean eragiten dutela zuzen-zuzenean.

– Hezkuntza lege-proiektuak ez du laikotasuna bermatuko, erlijio katolikoa ikastetxe guztietan eskaintzea legez nahitaezkoa baita Curriculum barruko ikasgaien kalterako. Gainera ikastetxe pribatuen identitatea errespetatzea legez bermatuta dagoenez, lege-proiektuak ezin du sare itunduaren gehiengoa den kristau sarea hezkuntza planifikazioan mugatu, ikastetxe horiek familia guztientzat ez izan arren.

– Hezkuntza lege-proiektuan ez da euskarazko murgiltze eredu orokortuaren alde egiten. Nahitaezko etapa amaitzean bi hizkuntza ofizialetan ikasleek B2a lortu behar dutela esaten bada ere, hori lortzeko marko eleaniztuna ezartzen da, parez pare eredu hirueledunari ateak irekiz. Inork gutxik ulertzen du modu berean. Euskararen errealitate korapilatsuari kasu egin beharrean, euskara bi hizkuntza hegemonikoen artean bizirik irauten duen hizkuntza gutxitua dela kontuan izan gabe eta hizkuntzei erabilera guztiz ekonomizista eta utilitarista emanda, ingelesean gehiago sakontzeko balioko duelakoan gaude. Honen inguruan legebiltzarrean sortu den eztabaida hutsala da, aldaketa bakarra ikastetxe guztiek izan beharko duten hizkuntza proiektua da, publikoko gehienek egun badutena, eta edonola ez duena zertan euskararen indartzea bermatu behar, ez baitago betekizun zehatzik hizkuntza proiektu horiekiko.

– Hezkuntza lege-proiektuan sistema propio bat eraikitzeko arrastorik ez dugu topatu. Ez da zehazten gure kultura eta hizkuntzarekin bat egiten duten gainerako Euskal Herriko lurraldeekin nolako harremana izango dugun, nolako hezkuntza elkar-trukeak eta lankidetzak izango ditugun… Legearen proiektuan, Euskal Curriculumaz ia ez da hitz egiten eta betiere hizkuntzen irakaskuntzako instituzio horri lotuta, baina ez da sakontzen nola garatuko den edota instituzio horrek Euskal Herriko markoa izan beharko lukeen material didaktikoen sorkuntzarako sustatzailea izango den.

– Hezkuntza lege-proiektuak ez du gizartean dagoen egiturazko indarkeria matxistarekin amaitzeko eta generoen arteko berdintasun formaletik errealera joateko neurririk hartzen. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 23/24 ikasturterako ezabatu egin du Bizikidetza eta Hezkidetza plana. Lehen horrelakoek ordu kreditu gutxi bazituzten, orain ikastetxeen borondate eta autonomiaren esku geratuko da horrelako planik edo proiekturik garatuko duten erabakitzea.

*Ez gara luzatuko, baina egon badaude kezkatzekoak diren beste hainbat kontu:

– Ikastetxeetako zuzendaritza indartzeko proposatzen den eredua, kooperatiboagoa egin beharrean lidergotza gerentzialean sakontzen da.

– Laugarren xedapenean agertzen den lan-baldintzei buruzko Aholku Batzordearen eginkizuna zein izango den ere jakiteko gaude, eginkizunik izango badu noski, lan baldintzen inguruan aipatzen den gako bakarra hau da eta.

– 0-3 haur hezkuntzako zikloa ez da arautzen, pribatizazioaren lehen pausoa dena. Doakoa, publikoa eta unibertsala izateko aukera galdu da, ez da hezkuntza sisteman txertatu ezta bere kudeaketa zuzenaren gaineko ardurarik hartu ere.

– Eskola Publikoaren Kontseiluak eskola publikoen interesak eta beharrak identifikatzeko eta defendatzeko sortuko den erakundearekin, Hezkuntza Sailak bere menpe zuzenean dagoen sarearen gaineko erantzukizunak kendu nahi dituela dirudi, arbitro neutral baten itxura gauzatuz.

….

Beraz, honaino iritsita eta gure proposamen guztiak aurretik ezagutzen zenituztela jakinda… Ederki entretenitua eduki gaitu Hezkuntza Sailak, ikasleen onarpen aginduarekin hainbeste buelta emanda, beti eskatu dugun (eta bere garaian txertatuko zela esan zena) leihatila bakarra ere ez dugu inon ikusi. Garbi dago zein den gure postura lege berriaren aurrean: ez da gizarteak ez Eskola Publikoak behar duena, eskola publikoaren komunitatearen gehiengoa ordezkatzen dugun eragileon ekarpenak ez dira jaso eta ondorioz adostasun sozialik gabe jaioko da. STEILAS gure lan esparru diren kaleak ere baliatuko ditugu lege honi ezetz esateko eta eskola publikoaren alde borrokatzen jarraitzeko.